Doneztebeko bi ordezkari izanen ditu Espainiako selekzioak junior mailan Egiptoko mundialean: Niko Mindegia eta Ibai Meoki. Hasiera batean, Niko Mindegia zen abuztuan jokatuko den eskubaloiko junior mailako mundiala Espainiako selekzioarekin jokatzera deitutako bakarra. Baina badirudi ez dela doneztebar bakarra izanen. Izan ere, selekzioan ohikoak diren jokalari batzuk falta direlakoz, Ibai Meokik ere mundialerako abisua jaso du. Uztailaren 13tik aitzinera Gijonen kontzentratuak egonen dira entrenatzen 14 egunez. Hilaren 30etik aitzinera Pintora joanen dira eta abuztuaren 3an Egiptora. Abuztuaren 4tik 19ra jokatuko da Egiptoko mundiala. Beraz, azken orduko aldaketarik ez bada, mundialean ariko dira Mindegia eta Meoki.