Azken urteotan bezala, Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatuta herri kirol saio andana jokatzen ari dira Iruñeko Sanferminetan, Foru Plazan. Horietako aunitzetan Nafarroako txapeldunak erabakitzeko dira, eta tartean eskualdeko kirolariak ari dira. Emaitza onak eskuratzen ari dira.
Atzo, asteazkena, jokatu zen Maila Nagusiko Arpana Txapelketan, gizonezkoetan, parte hartu zuten sei bikoteetatik hiru eskualdekoak izan ziren. Ez zen txapelik etorri eskualdera, baina Mikel Bertiz sunbildarra eta Xabier Urrutia arraioztarra bigarren izan ziren (8:56ko denbora); Igor Lasaga beratarra eta Javier Gallarregi etxalartarra hirugarren (9:42) eta Julen Txoperena eta Iñaki Portu igantziarrak laugarren (9:45).
Kadete mailako Nafarroako Arpana Txapelketan ez genuen eskualdeko ordezkaritzarik izan.
Nafarroako Lasto-Altxatze Txapelketan, eta ehunenen eskas batzuen aldea aterata, Karlos Sein igantziarrak irabazi zuen (20 jasoaldi, eta 21.a 8 ehunenean). Iñaki Bereau igantziarra bigarren sailkatu zen (20 jasoaldi eta 21.a 21 ehunenean) eta hirugarren Oskar Telletxea igantziarra (18 jasoaldi).
Ortzegunean, Harri-Jasotze Txapelketa eta III. mailako Aizkora Txapelketarako kanporaketa
Kirolari hauek hartuko dute parte gaur jokatuko den Nafarroako Harri-Jasotze Txapelketan: Josetxo Urrutia (Leitza), Xabier Igoa (Aldatz) eta Unai Bertiz (Sunbilla). Hiru harri erabiliko dituzte: 125 kiloko zilindroa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola, bina miutuko txandatan. Ohi bezala, jaialdia 12:00etan hasiko da Foru Plazan.
Joan den urteko txapelketan 100 kiloko aldea kendu zion Unai Bertizek Josetxo Urrutiari, 100 kiloko bolarekin jasoaldi bat gehiago egin baitzuen sunbildarrak.
Hirugarren mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa ere gaur jokatuko da. Hauek izanen dira aizkolariak:: Asier Pellejero (Areso), Raul Castro (Urrotz), Ruben Saralegi (Iruñea), Eneko Saralegi (Iruñea), Julen Kañamares (Berriozar), Iñaki Vazquez (Altsasu), Goizeder Belza (Etxarri Aranatz), Angel Eraso (Salinas De Oro), Esteban Pikabea (Gerendiain), Santiago Olano (Leitza), Iban Resano (Ergoiena), Jon Perez de Villarreal (Urdiain).
Bina kanaerdiko ebaki beharko ditu aizkolari bakoitzak.