Hasi dira Doneztebeko eskola parean biribilgunea eraikitzeko lanak

TTIPI TTAPA 2009ko uztailaren 7a

Abian dira Doneztebeko zeharbidea eraikitzeko obrak. Mariezkurrena enpresa uztailaren 2an hasi zen eskola ondoan, bidegurutze horrek duen trafikoa hobeki arautzeko baliagarria izanen den biribilgunea eraikitzen. Obra hauekin, haur parkea desagertua geldituko da. Bertzalde, aipatu, zeharbide berean dagoen autobus geltokiaren eremua ere aldatuko dela.

Ia 400.000 euroko aurrekontua

Lan honen hasierako aurrekontua ia 400.000 eurokoa da. Nafarroako Gobernuak 282.408,47 euro ordainduko ditu (138.190 euro aurten eta bertze 144.218,47 euro 2010ean) eta gainerako 111.339,59 euroak Udalak berak ordaindu beharko ditu.

Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabideetako Departamentuak eta Udalak zeharbidea moldatzeko elkarlan hitzarmena martxoaren 16ko bilkuran onartu zuten.

Trafiko haundiko tokia

Gaur egun, Leitza eta Doneztebe arteko NA-170 errepidean, Leitza aldera zubia pasatu eta eskolaren ondoan dagoen bidegurutzeak zenbait adar ditu: Osasun Zentro aldera, Enplegu Bulego aldera, etxebizitza berrietara, eskolara, kiroldegira… Horrek trafiko handia eragiten du eta horri aterabidea ematera datoz obra berri hauek.

Biribilgune berriarekin, mugimendu guziak ordenatzea da helburua eta bideko segurtasuna hobetzea. Aldi berean, gaur egun herrigune erdian dagoen autobus geltokia ere biribilgune horretara aterako da eta oraingo geltokia aparkalekuak egiteko aprobetxatuko da. Biribilgunearen kanpoko erradioa 15 metrokoa izanen da eta erdian 6 metroko erradioa duen irlatxoa izanen du. Metro eta erdi zabalerako espaloia ere eginen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun