Gorka Urtasun eta Endika Urrutia erremontistek profesionaletan debutatuko dute Iruñean

TTIPI TTAPA 2009ko uzt. 6a, 17:50

Iruritarra eta saldiastarra aurrelariak dira

Besta eta zalaparta artean, gaur, astelehena, abiatuko da San Fermin Torneoa. Tartean bi aurpegi berri agertuko dira kantxara, eta biak ere eskualdekoak: Endika Urrutia saldiastarra eta Gorka Urtasun iruritarra. Batek zein bertzeak gaur jokatuko dute erremonte profesionaleko lehen partida. Aurrelariak dira biak, eta etorkizunean zeresana eman dezaketenak. Lagunak izanagatik gaur elkarren kontra jokatu beharko dute, Urtasunek Igor Agirrezabala gibelean duela eta Endikak Ion Etxeberriarekin. Iruñeko Euskal Jai Berrin izanen da lehia.

Urteetan esku pilotan ibili ondotik, duela bederatzi hilabete hasi zen erremontean Gorka Urtasun (Irurita, 1986). Laxoan ere ibilitakoa da, baina erremontean bikain moldatzen dela erakutsi du azken aldian.

Endikak (Saldias, 1990), berriz, ttikia zela eman zituen lehen pilotakadak erremontean. Migel Mari Urrutia erremontista ezagunaren lehengusua da, eta duela bi urte Euskal Jai Berri Fundazioan hasi zen entrenatzen. Gaitasun haundiko aurrelaria dela diote adituek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun