Uda honetan ere bisita gidatuak eginen dira Leurtzako Urtegietan

TTIPI TTAPA 2009ko uzt. 6a, 16:54
TTIPI TTAPA

Aurten piragua eta ontzietan ibiltzea debekatu dute

Iazko udan hasitako proiektuari segida emanez, uda honetan ere Leurtzako Urtegietako natur eremuan bisita gidatuak antolatu dira. Bertizko Partzuergoaren ardurapean eta Beintza-Labaien eta Urrozko Udalen laguntzarekin. Astean behin izanen dira (ortziral edo igandean, astearen arabera) eta ordu bat eta erdiko iraupena izanen dute, beti ere, goizez. Bisiten gidaria Pello Iriarte iruritarra da. Proiektuak Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso du eta bisitaren prezioa laguneko bi eurokoa izanen da. Informazio gehiago: Bertizko Partzuergo Turistikoan (948 592323 edo bertiz@consorciobertiz.org)

30.000 bisitari iaz

Joan den urteko datuen arabera, 30.000 lagun inguruk bisitatu zituzten Leurtzako Urtegiak 2008an, aitzinekoan baino zertxobait guttiagok. Eguraldiak ez zuen sobera lagundu, baina halere, bazter goxo honek jende ugari erakartzen du.

Elbarrituen ibilbidea

Beheitiko urtegiaren inguruan elbarrituentzako bi kilometroko ibilbidea egokitu da: pertsona itsuentzako ezkerreko egurrezko karrilaren eta braillez idatzitako seinaleen bidez; mugikortasun arazoa dutenentzat, aldiz, maldak ttikitu eta zokaloak eta hesiak paratu dira tarte gehienean.

Piraguak eta ontziak debekatuak

Orain arte piraguetan eta ontzietan ibiltzeko ez da inolako arazorik izan, baina aurten, Ingurugiro Sailak debekatu egin ditu, desagertzeko arriskuan dagoen espezie bat babesteko. Ontziak eta piraguak debekatu arren, puzgarriak erabiltzen ahal izanen dira.

Suaren debekurik ez da espero

Negua luzea eta hezea izan denez, seguraski Ingurugiro Sailak ez du aurten ere sua egitea debekatuko. Iaz, Nafarroa bi eremutan banatu zen sute arriskuaren arabera, eta Leurtzako parrilletan sua egitea baimendu zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun