Elgorriagako bainuetxeak bere ateak zabalik ditu

Aitor AROTZENA 2009ko uzt. 3a, 17:09
Elgorriagako Bainuetxeko arduradunak, Nafarroako ordezkariekin batera, bainuetxearen ataran. Beheitian, lehenbiziko erabiltzaileak putzuan. TTIPI TTAPA

Inaugurazio ofizialaren esperoan, Turisko eta Kultura Kontseilariaren bisita jaso du uztailaren 3an

Elgorriagako bainuetxeak zabalik ditu bere ateak eta oraindik inaugurazio ofizialerako datarik zehaztu ez badute ere, uztailaren 3an, ortziral goizean, Juan Ramon Corpas Mauleon Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo kontseilariaren eta Carlos Erce Turismo zuzendari nagusiaren bisita jaso du. Elgorriagako bainuetxeal hartzen dituen 6.000 metro koadroetan 10,2 milioi euroko inbertsioa egin da eta Nafarroako Gobernuak kasik 2 milioi jarri ditu, 2004, 2005 eta 2006ko aurrekontuetan. Hiru erakunderen elkarlanaren emaitza izan da balneario berria: Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioa, Nafarroako Gobernua eta Elgorriagako Udala. Bainuetxea egokitzeko lehen urratsak 1999an egin ziren, beraz, hamar urteren ondotik, errealitate egin den egitasmoa da. Juan Ramon Corpas kontseilaria gustora agertu da Elgorriagako bainuetxearekin, “Fiterorekin batera, Nafarroako bainuetxe turismo eskaintza aunitz zabalduko baitu, baina batez ere eskualderako garrantzitsua izanen da, lanpostuak sortu dituelako. Adineko jendearengan pentsatuz hainbat zerbitzu eskaini dira, argia aprobetxatzen du, igerilekuak intimitatea badu...”.

40 lagun lanean

Lorena Galarregi zuzendariak aipatu duenez, zuzenean 40 laguni lana ematen dio bainuetxeak, eta horretaz gain, garbitasun zerbitzuak azpikontratatuak dituzte. Eskerrak eman nahi izan dizkio “hainbat urtez guregan konfidantza izan duen jendeari eta laguntzeko prest egon denari. Proiektu honen sustraiak arras luzeak dira, urte aunitz daramazkigu eta seguru hau izugarri ederra izanen dela”!. Nicolas Iribas Bainuetxeko kudeatzaileak ere jendeari gonbitea luzatu dio “ingurune zoragarriaz, gastronomiaz eta uren kalitateaz gozatzera etortzeko”. Balnearioaren barne, putzu eta igerilekuekin batera, hiru eraikin daude, bakoitza 25 logelekin. Aste honetan, dagoeneko 120 lagun dituzte bainuetxean eta guziz betea dagoela erraten ahal da. Jose Miguel Galarregi, urtetan Elgorriagako alkate izan denaren eta proiektuaren bultzatzaile nagusienaren erranetan, IMSERSOrekin 1.200 lagunendako lekua hitzartua dute urte bukaera bitarte.

Ur osasungarria

Bainuetxera ailegatzen den urari dagokionez, Inma Irisarri hidrologian espezialdutako medikuak aipatu duenez, “ minero-medizinala da eta batez ere kloroa, sodioa, eta burnia dauka, azaleko arazoentzat oso egokia; ur-litro bakoitzeko 333 miligramo gatz du urak, Europan eta kasik munduan gehien duena, eta hainbat oinaze-mota sendatzeko egokia da, kloro eta sodio aldetik mineral aunitz baitute. Ura 14 gradu terditan ailegatzen da eta berotu behar izaten dute putzuetara isurtzeko. Baita gatza kendu ere, flotatzeko putzuan izan ezik”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun