Eskualdeko 12 udal Correosek zonaldean ezarri nahi dituen aldaketen kontra

Aitor AROTZENA 2009ko uztailaren 2a

Aitzinean, ezker-eskuin: Josu Iratzoki, Lazaro Dainziart, Patxiku Irisarri, Pako Errandonea eta Agustin Sainz. Gibelean, Amaia Telletxea, Mari Jose Mitxelena eta Jose Luis Sein. TTIPI TTAPA

Ortzegun eguerdian agerraldia egin dute Sunbillako Udaletxean

Bera, Lesaka, Igantzi, Arantza, Sunbilla, Doneztebe, Bertizarana, Baztan, Oitz, Urrotz eta Zugarramurdiko udalek bat egin dute Etxalarko Udalak zonalde osoan aurkeztutako mozioarekin. Mozio honetan Correosek ezarri nahi duen buzoi kontzentratuen sistemaren kontra azaltzen dira aipatutako udalak. Uztailaren 2an, ortzegun eguerdian egin dute agerraldia udal ordezkariek Sunbillako Udaletxean. Josu Iratzoki Berako alkatea, Lazaro Dainziart Zugarramurdiko alkate ordea, Patxiku Irisarri Etxalarko alkatea, Pako Errandonea Sunbillako alkatea, Agustin Sainz Igantziko alkate ordea, Amaia Telletxea, Berako zinegotzia, Mari Jose Mitxelena Sunbillako zinegotzia eta Jose Luis Sein Igantziko zinegotzia agertu dira prentsaren aitzinean.

Uztailaren 1etik egin nahi zuena urriaren 1era gibeleratu du Correosek

Patxiku Irisarrik adierazi duenez, zerbitzu postala arautzen duen direktibak posta zerbitzua ematen duten enpresa guztiak, astean egunero edo guttienez bortz aldiz kartak banatzera derrigortzen ditu, baina arau honek bi berezitasun ditu: Geografikoki bereziak diren tokietan edo berez kondizio berezietan dauden tokietan, banatzeko frekuentzia aldatzen ahal da. Hain zuzen, gure inguruko herri aunitzetako baserrietan, astean bizpahiru aldiz jasotzen dute posta.
Etxe bakarrak, baserriak edo ”Diseminado” izendatutako eremu berezietan buzoi kontzentratuetan banatzen ahal dira eskutitzak, beti ere zerbitzu publikoak erabiltzen dituzten bideetatik 250 metrora baino gehiagora badaude etxe hauek. Hauxe da Correosek hasiera batean uztailaren 1etik aitzinera egin nahi zuena eta orain, baserri auzoetan hartutako eskutitzaren arabera, urriaren 1etik aitzinera ezarri gogo duten banaketa moldea.

"Egunero etxetik urrun bildu baino astean bizpahirutan etxe ondoan hobe"

Honen aitzinean, udalek onartutako mozioaren arabera, “legeak diseminado aipatzen duenean, guk auzoak direla berresten dugu”. Modu berean, Patxiku Irisarrik jakinarazi duenez, “zerbitzu publikoak (zabor bilketa, gizarte zerbitzuak, ura, telefonoa, urgentziak…) beraien egunerokotasunean erabiltzen dituzten pistak egoera onean daude, beraz Correosek ez du inolako arazorik eduki behar etxe horietara ailegatzeko “. Etxalarko alkatearen ustez, baserri inguruetan, Etxalarren eta bertze hainbat herrietan astean bizpahiru egunez hartzen dituzte gaur gaurkoaz kartak, eta “jendea ados dago, beti ere zerbitzua ahalik eta gehien hurbiltzen bada baserrietara. Hau da, baserritarrek nahiago dute bi egunetik posta etxe ondoan bildu, egunero biltzeko etxetik urrun dituen postontzietara joatea baino”. Alde horretatik, Agustin Sainz Igantziko zinegotziak aipatu duenez, “Arantzan badira baserriak herrigunetik 7 kilometrora daudenak” eta banaz bertze, baserrietatik postontzi kontzentratuetara “kilometro bat edo gehiago” izanen dela zehaztu du.

Bi aldeen adostasuna beharrezkoa da

Bertze aldetik, banaketa buzoi kontzentratuan egiteko, ezinbertzekoa da, argi eta garbi, bi aldeak ados jartzea, legeak hala erraten duelako eta momentuan, Correoseko ordezkariak zenbait herrietako auzotarrekin bildu bada ere, adostasunik ez da. Azkenik, buzoi kontzentratuak jartzea sistema berezi bezala hartzen du Correosek, baina “gure zonaldean araua edo norma bihurtu nahi dute”, onartutako mozioan ageri denez.

Mozioa Parlamentuan

Udalen ekimenarekin bat eginez, Nafarroako Parlamentuan NABAIk mozioa aurkeztuko du, Nafarroan etxez etxeko posta banaketa indarrean dagoen eremuetatik kentzea galerazte aldera Nafarroako Gobernuak gestioak egin ditzan Espainiako Gobernuarekin. Mozioaren arabera, etxez etxeko zerbitzua postontzi kontzentratuen bidez ordezkatzea legez kontrakoa izateaz gain, baztertzailea ere bada eta, posta pertsonala eta bortxaezina den neurrian, segurtasun falta ere eraginen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun