Bisita gidatuak eskainiko ditu Bertizko Partzuergoak goi denboraldian

ttipi-ttapa 2009ko uztailaren 1a

Martin Garde eta Izaskun Goñi, Bertizko Partzuergoko presidentea eta kudeatzailea, bisita gidatuen aurkezpenean. TTIPI TTAPA

Elizondoko Arizkunenean eta Urdazubiko Museoan turismo bulegoak ere ireki ditu

Bertizko Turismo Partzuergoak goi denboraldiari ongi etorria eman dio Baztan-Bidasoan. Erakunde honek uztailaren 1etik aitzinera martxan paratuko dituen zerbitzuak aurkeztu zituzten asteartean Baztango Balleko Etxean emandako prentsaurrean Martin Garde presidenteak eta Izaskun Goñi kudeatzaileak

Turismo bulegoak Arizkunenean eta Urdazubiko Museoan

Urte osoan irekita dauden turismo puntuetaz gain, udaran, urtero bezala, Baztango informazio turistikorako bulegoa ireki da Arizkunenean. Baztango udalaren laguntzari esker, eta museo etnografikoarekin elkarlanean, informazio turistikoa emanen da aste osoan, goizez eta arratsaldez. Aurten turismo informazio bulego berri bat irekiko da gure eskualdean. Urdazubikoa, hain zuzen ere, monastegiaren sarreran kokatua egonen dena, berriki inauguratu den museoan. Bulego hau, aste osoa irekia egonen da, astelehenetan izan ezik, toki honen zerbitzu turistikoa hobetzera dator, azken urteotan garapen turistikoa izaten ari den herri honetan.

Bisita gidatuak

Aurten, Bertizko Turismo Partzuergoaren apustu nagusia bisita gidatuak izanen dira. Iazko esperientzi pilotoaren ondotik, Partzuergotik bisita gidatuen eskaintza zentralizatzekoa, aurten uztailan eta abuztuan, gidari kontratatu baten bidez egunero, goizez eta arratsaldez eskualdeko toki ugarietara bisita gidatuak eskainiko dira. Gaiak natura, arkitektura eta historia eta energi berriztagarriak dira. Eta honako hauek izanen dira bisitatuko diren lekuak: Etxalar herria ezagutu, estela diskoideoak eta eliza; San Juan Xar (aurten Igantzitik); Arizkun, Elizondo eta Ziga, herria, arkitektura, historia eta ohiturak, Baztango monumento megalitikoak; Leurtzako urtegiak; Urdazubi-Baztango Donejakue Bidea eta energia berriztagarriak. Azken hau originalena da eta balorizatu nahi da Nafarroan dagoen energia berriztagarrien inguruko ardura, aintzinetik datorrela, Bidasoako zentral hidroelektriko bat erakutsiz, bere 1920. hamarkadako arkitekturarekin eta izozkinen pasoa errazteko dauzkaten elementuekin. Bisita hauek guztiak egin ahal izateko Partzuergoan erreserbatu behar da, 948 592323 telefonoan edo bertiz@consorciobertiz.org posta elektronikoaren bitartez. Eguneroko eskaintza zehatza jasota dago turismo informazio puntuetan eta partzuergoko kideen artean banatzen ari diren folleto batzuetan.

Ekitaldi eta besten boletinak

Azkenik, urtero bezala, ekitaldi eta besten boletinak argitaratzen ari da Partzuergoa, eskualdeko eskaintza publikoa nahiz pribatua ezagutarazteko turismo lan sektoreari eta turistei ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun