Nafarroako bigarren mailako aizkolari txapelketaren finalerako boskotea erabaki da

ttipi-ttapa 2009ko eka. 30a, 12:30

Bigarren mailako finalean izanen diren aizkolariak. Ezker-eskuin, Xabier Mindegia, Oihan Larretxea, Jon Rekondo, Patxi Mindegia eta Daniel Vicente. TTIPI TTAPA

Jon Rekondo nagusitu zen larunbatean Donezteben eta berekin batera, Daniel Vicente, Patxi Mindegia, Oihan Larretxea eta Xabier Mindegia sailkatu dira

Jon Rekondo leitzarrak, Otsagiko Daniel Vicentek, Patxi Mindegia zubietarrak, Oihan Larretxea beratarrak eta Beintza-Labaiengo Xabier Mindegiak jokatuko dute Nafarroako bigarren mailako aizkolari txapelketaren finala. Larunbat arratsaldean jokatu zen Donezteben kanporaketa eta boskote hori sailkatu zen finalerako txartela ematen zuten bortz lehenbiziko postuetan.

Finalerako boskotea

Jon Rekondo leitzarra izan zen bizkorrena eta 54 ontzako bi enborrak eta 60 ontzako enbor bakarra mozteko 7 minutu eta 11 segundu aski izan zituen. 24 segunduko aldea atera zion bigarren izan zen Daniel Vicenteri (7‘35”); hirugarren Patxi Mindegia izan zen (7‘41”), laugarren Oihan Larretxea (7’50”) eta bosgarren Xabier Mindegia (8’25”).

Finaletik kanpo

Finaletik kanpo 7 segundu eskasengatik gelditu zen Beintza-Labaiengo Jexux Etxeberria (8’32”), zazpigarren Etxarri Aranazko Juan Jose Erdozia izan zen (8’43”), zortzigarren Arkaitz Olano leitzarra (8’53”), bederatzigarren Luis Mari Belarra doneztebarra (8’54”), hamargarren Garraldeko Sergio Mandazen (10’27”), hamekagarren Beintza Labaiengo Jon Telletxea (10’46”), hamabigarren Xabier Ariztegi etxalartarra (10’55”) eta hamahirugarren Juan Telletxea doneztebarra (11’52”).

Jautsiera

Hain zuzen bi azkenak, Ariztegi etxalartarrak eta Telletxea doneztebarrak Hirugarren mailara jautsi beharko dute, baina lesio baten ondorioz parte hartu ez zuen David Amillano altsasuarraren kontrako kanporaketa bat eskatzeko aukera izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun