Tokiko komunikabideak sortzen aitzindaria izan zen Ttipi-Ttapa. Duela 29 urte ekin zion ibilbideari, eta geroztik Baztan, Bertizarana, Bortziriak, Malerreka, Leitzaldea eta Xareta aldeko herritarrei eskualdeko gertaeren berri emateko lanean ari da. Bidean hainbat zailtasun ere gainditu izan ditu baina aitzinera egin du. Hain zuzen horregatik, tokiko komunikabideetan lehenbizikoetarikoa izan zelako eta zailtasunei aitzin egiten jakin dielako jaso zuen joan den ekainaren 27an Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren Ohorezko Aipamena Andoainen (Gipuzkoa). Ttipi-Ttaparen izenean Pello Apezetxea sortzaileak eta Joxemanuel Irigoien kudeatzaileak hartu zuten aipamena.
1988an lehen aldiz
Rikardo Arregi Kazetaritza Saria Andoaingo Udalak 1988an sortu zuen saria da, euskarazko kazetaritza bultzatzeko eta indartzen laguntzeko sortu zen eta andoaindarra zen Rikardo Arregiren izena jarri zitzaion Sariari. Arregi idazle haundia izan zen, euskal prosa kazetaritzaren molde berrietan barneratu zuena. 1966ko urtarrilean Euskaltzaindiari alfabetatze saila antola zezan proposatu zion, eta huraxe izan zen euskalduntzeko mugimenduaren hasiera.
Bertze sariak
Aurtengo sari nagusia Txinako berriemailea den Olatz Simon EITBko kazetariak jaso zuen, euskaraz Txinan egindako erreportaje sortagatik. Kazetari berria saria Argia astekariko Gorka Bereziartuarentzat izan zen eta Epaimahaiaren erabakiz laugarren saria Euskadi Irratiko Kostaldeko trena irratsaioak jaso zuen. Iñigo Martinek hartu du saria.
Ttipi-ttapak hainbat sari eskuratu ditu
Ttipi-ttaparen lanak lehen ere jaso ditu sariak. 1995ean Argia Saria jaso zuen, "euskarazko irakurleak ia deusetik sortzeko apostua" egiteagatik eta "herri prentsako erreferentzia nagusietako bat den eta Nafarroako eskualde oso bati bizi berri bat eman diolako".
1997an ere Rikardo Arregi kazetaritza saria jaso zuen, Entzun! musika aldizkariarekin batera, "euskararen erabilerarako mundu berriak eskuratu zituztelako". Ttipi-ttaparen kasuan, "euskarazko prentsaren munduan, aldizkariko informazio guziarekin, edizio elektronikoa Internet sarean eskaini duen lehena" izateagatik. 1996ko uztailaren 5ean hasi zen aldizkari hori Interneteko edizioa argitaratzen eta Rikardo Arregi Sariko epaimahaiak zioenez, "aldizkari nafarrari zor diogu euskal kazetaritza amaraunean, Interneten sartu izana".
1990ean Iruñeko Zaldiko Maldiko elkarteak Lamien Urrezko Orrazia izeneko saria eman zion "hamaboskariaren alde emandako pausoarengatik" eta 1991n, berriz, Arkupeak elkarteak.