San Pedro egun handia ospatu dute Donezteben. Meza Nagusia lehen aldiz eman du aurten Mikel Biain apez berriak. Sortzez oñatiarra (Gipuzkoa) den Mikel Biain Doneztebe, Legasa, Narbarte eta Elgorriagako apez berria da. Maiatzean jakinarazi zioten aurten hil den Jesus Goldarazen ardura hartuko zuela eta joan den ekainaren 13an, Bestaberri bezperan, hasi zen lanean. Ospakizun aunitzeko garaia tokatu zaio: Bestaberri Eguna, Sanpedro bestak... Edonola ere, «gustura eta poliki-poliki jendea eta ohiturak ezagutzen» ari dela azaldu du. Euskalduna eta gaztea da Biain eta inpresio ona utzi du doneztebarren artean. Eskualdera etorri aitzinetik Luzaiden egondakoa da bortz urtez, bi urtez Auritzen eta bertze bitan Artzeko bailaran.
Mezara sartu baino lehen, udalbatza Herriko Etxera joan da bandera hartzera. Eduardo Almandozek eraman du aurten ere bandera elizara.
Mendi Abesbatza Santo Domingotik San Pedrora
Meza Nagusian Mendi Abesbatzak, Jon Irazokiren zuzendaritzapean Eslavaren “Tu es Petrus” eta J:A. Irigoyenen “Agur Doneztebe” abestu ditu, baita Perossiren Kirie eta Gloria ere. Aipatzekoa da gaurko emanaldiarekin ikasturtea akitzen duela abesbatzak eta gustora gelditu dira eskainitako emanaldiarekin. Joan den aste hondarrean Santo Domingo de la Calzadan izan ziren. 21ean. Nafarroako Abesbatzen federazioak Santo Domingo de la Calzadan kontzertu sakroa abestea proposatu zien, eta beraien zuzendariak, Ion Irazokik, ideia gogo onez hartu ondotik, abesbatzak asteburu osoko egitaraua osatzeari ekin zion. Kontzertuko programa trinkoa eta zenbait momentutan gogorra ere bazen Mendiko abeslarientzat, baina aldi berean Doneztebeko San Pedro eguna ongi prestatzeko primeran etorriko zitzaien. Kontzertuan Rocío Artazkoz doneztebar pianojole gaztearen laguntza paregabea izan zuten eta beraien turismo gidari partikularrak, Pedro Bañaresek, bisita guziak ezinhobeki antolatu eta aurkeztu zituen. Saioa exigentea izan zen benetan abeslarientzat, baina ezbairik gabe merezi izan zuen: Katedrala bete-betea, abeslari nahiz ikusleak momentuoro gozatzen eta azkenean, ikuslegoak zutik eskainitako txalo zaparrada. Baina bizitza hontan lana ez da dena. Ardoaren herrialdean aukera izan zuten bi bodega bisitatzeko (Cune eta Marqués de Riscal) eta Biasteri, Haro eta El Ciego herriak ere ezagutu zituzten. Horretaz gain, gazteak (eta ez hain gazteak) Santo Domingoko gau giroan murgildu ziren, hurrengo egunean ondorioak sufritu arren. Abesbatzaren lehendakaria den Ruth Etxebesteren hitzek argi laburtzen dute bidaia: “Asteburu honetan gu bezain ongi ibili dena ez dago batere gaizki”.
Trapatan eta bertze dantzak
San Pedro Egunera itzuliz, meza ondotik dantzen txanda izan zen. Lehenik, Eduardo Almandozek banderaren dantza egin zuen. Gero, nesken txanda izan zen, segidan gizasemeena eta azkenean denak elkarrekin aritu ziren. Saio polit eta laburraren ondotik jendeak gehien espero zuen dantzaren txanda izan zen. Badira zenbait urte Trapatan dantza berreskuratu eta urtero San Pedro egunean dantzatzen dutela. Trapatan bukatu eta kalejira egin zuten saioari bukaera emateko. Ondotik, elizatik udaletxeko bidea egin zuten. Erraldoiak joaten ziren aitzinean eta ondotik, herriko dantzari eta txistulariak. Herriko bandera balkoitik jaitsi egiten dute eginkizun honetarako eta berriz ere udaletxera itzuli zuten udal agintariek. Udaletxeko arkupeetan luntx eder bat prestatu zuten eta jendeak ederki baliatu zuen solas egiten zuen bitartean. Une hauek girotzeko Corcor txarangak zenbait pieza jo zituen. Urteroko ekintza den arren, ez du ikusmina galtzen eta herritarrek bestak bizitzen dituztela garbi geratu zen.
Asteartean hondar eguna
Ekainaren 30ean, asteartean, hondar eguna izanen dute Doneztebeko San Pedro bestetan. 9:00etan diana izanen da Corcor txarangak girotua. 10:00etan Txu-txu trena herrian barna eta puzgarriak igerilekuan. 11:00etan mus txapelketa. 14:00etan bazkari herrikoia. 20:00etatik 23:00etara Modesto eta haren akordeoia. 22:00etan txistor-jatea Santa Luzia plaazn. 23:00etan besten bukaera, Corcor txarangak alaitua.