Berrizaun inguruan errepidea itxiko dute astelehen gauean

Aitor AROTZENA 2009ko ekainaren 29a

Bera eta Behobia arteko zatia ireki badute ere, Bera eta Igantzi artekoan lanekin segitzen dute oraindik. TTIPI TTAPA

Gaueko 22:00etatik astearte goizeko 7:00ak arte itxia izanen da

N-121A errepidean Bera eta Behobia arteko zatia ortziralean inauguratu baldin bazen ere, Bera eta Igantzi artean lanekin segitzen dute. Lanek trafikoan eragina izaten dute eta honela, ekainaren 29tik 30erako gauean, astelehen gaueko 22:00etatik astearte goizeko 7:00etara erabat itxiko da errepidea Berrizaun inguruan, 57,500 kilometro inguruan. Zehazki, Berrizaungo zentrale ondotik igaroko den zubibidea paratzeko lana eginen dute langileek eta horregatik, bidea bederatzi orduz itxiko dutela jakinarazi dute Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabide Departamentutik.

Kamioiak autobidetik, ibilgailu arinak Igantzi-Lesaka errepidetik

Honela, kamioiek eta garraio astuneko ibilgailuek Leitzarango A-15 Autobidea edo autopista erabili beharko dute eta ibilgailu arinek bakarrik, Igantzi eta Lesaka arteko errepidea erabiltzeko aukera izanen dute. Bertze aldetik, Bera eta Igantzi tartean, N-121A errepideko lanak direla eta, txandakako bidea emanen dute aste osoan Berrizaun, Etxalar eta Bera inguruan, gauez semaforoen bidez eta egunez seinalisten bidez.

Erabiltzaileak kontent Bera eta Behobia arteko zatiarekin

Aste hondar honetan N-121A errepidean Bera eta Behobia arteko zati berritua erabili duten gidariak kontent ageri dira. Batzuk zatiren bat arriskutsua suertatzen ahal dela aipatu badute ere, orokorrean, segurtasunean eta erosotasunean ikaragarri irabazi dela uste dute. Horretaz gain, zenbat denbora aurrezten den ere aditzen da: “Alkaiagako tuneletik Punttako errotondora sei minutuz, seinale guziak errespetatuz” zioten batzuk.

"Denbora, segurtasuna eta erosotasuna"

Lesaka eta Behobia arteko harat-honata bitan egin behar izaten duen Hiart Iguzkiagirre lesakarra ere kontent zegoen. Behobiako farmazia batean lan egiten du goiz eta arratsaldez, eta hilabete batzuetako alaba zaindu behar duenez, bitan egiten du ibilbidea: “Larunbat goizean hamasei minututan joan nintzen etxetik lanera eta hori Berako semaforoa gorri hartu nuela. Obretan zegoenean, banaz bertze 40 minutu behar nituen eta izan ziren ordubete eta hogei minutu behar izan nituen egunak ere”. Denboraz gain, erosotasuna eta segurtasuna azpimarratu ditu eta “badirudi trafikoa ere guttiago dela, ez baituzu Beratik Iruneraino kamioi baten gibeletik joan beharrik”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun