Dantzaren eta Haurraren Eguna eginen da igandean Etxalarren

TTIPI TTAPA 2009ko ekainaren 26a

Kenpo-kai, batukada, dantza-jazz, hegaztien ikuskizuna eta bertze izanen dira

Igande honetan, ekainak 28, eginen da lehen­bizikoz Etxalarren Dantzaren eta Haurraren Eguna. Ekitaldi andana izanen da goizean goizetik herriko ttikienentzat. Urtean zehar haurrak hainbat ikastarotan parte hartu dute, eta egindako lana eraku­tsiko dute egun horretan; dantza, kenpo-kai, batukada… Rebeca Aranzadi Dantza Jazz irakaslea da eragile nagusia.

Goizean puzgarriak, dantza-jazz, kenpo-kai…

11:00etan hasiko da eguna haurrentzako puzgarriekin. 12:00etan Modestoren ikasleek kenpo-kai erakustaldia eginen dute eta Rebecaren dantza jazz ikasleek dantza batzuk eskainiko dituzte.

Arratsaldean jokuak, hegaztiak, batukada eta magia

Arratsaldean puzgarriak, karaokea, aurpegi margotzea eta eskulanak egiteko aukera izanen da. 17:00etan berendua emanen zaie haurrei. 17:30ean hegazti harraparien interakzioa izanen da Belatz Handi falkoneria elkartearen eskutik. 18:30ean batukada erakustaldia eta gerria mugitzeko aukera eta, akabatzeko, 19:00etan, magia ikuskizuna Markos Ortegarekin. Egun polita bai haurrentzat, bai gurasoentzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun