Bera eta Irun arteko zati berria inauguratu dute N-121A errepidean

ttipi-ttapa 2009ko ekainaren 26a

Miguel Sanz Nafarroako presidenteak eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak moztu dute zinta, Bortzirietako alkate eta zinegotziak inguruan zituztela. TTIPI TTAPA

Auzolan 121A Herri Ekimena pozik agertu dira, baina bideak hildakoak gogoratu ditu

Ekainaren 26an, ortziral eguerdian inauguratu dute ofizialki Endarlatsako zubian N-121A errepideko lanen barrenean, Bera eta Behobia lotzen dituen zati berritua. Ekitaldian, Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidentea eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia izan dira, Bortzirietako alkateekin eta bertze hainbat ordezkarirekin batera.

"Harremanak sakontzeko"

Olanok adierazi du bi herrialdeak "anaiak" direla, eta bien arteko "harremana sakondu" egin behar dela "arlo ekonomiko, sozial, kultural eta linguistikoan". Sanz ere harremanari eustearen alde agertu da, "ezin dugulako bizkarra emanda bizi".

Lanek 60 milioi euroko aurrekontua eduki dute. Horietatik 52 milioi Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri ditu, zortzi Nafarroako Gobernuak.

6,6 kilometroko errepidea da; berria %60ean. Hiru lerro ditu zati gehienean. Bi tunel dauzka: bata 477 metrokoa Lamiarrin eta bertzea 105ekoa Intxaurretan. Horrez gain, lau bidezubi ditu, 98 metrokoak gehienak. Endarlatsa parean 190 metroko zubia eraiki dute.

Egunean 11.000 ibilgailu pasatzen dira Nafarroaren eta Gipuzkoaren arteko muga egiten duen errepidean, haietatik hiru mila kamioiak izan ohi dira, eta orain bidea seguruago izatea espero dute. 2007ko apirilean hasi zituzten lanak.

Nafarroari dagozkion beste bi zatiak uda bukaerarako amaitzea aurreikusi dute.

26 hilabeteko lanak

2004ko maiatzean lanak egiteko hitzarmena sinatu zuten Nafarroako Gobernuak eta Gipuzkoako Diputazioak eta lehiaketa bidez, Mariezkurrena, Zubi Eder, Nortunel eta Urssa Aldi Baterako Enpresen Elkarteak egin ditu 26 hilabetez. Endarlatsako zubi berria Javier Manterola ingeniari nafarrak diseinatu du, 190 metro luze ditu eta 1.000 Tona altzairurekin egin da.

Auzolan 121A Herri Ekimenak bidean hildakoak gogoratu ditu

Inaugurazio ekitaldia baino lehen, Auzolan N-121A Herri Ekimenak bere hausnarketa karrikaratu du. Erramun Martiarenak gogoratu duenez, 2003ko azaroaren 19an sinbolikoki itxi egin zuten bidea (minutu batez zinta batekin itxi zuten) eta gaur berriz zabaldu egin dute. Ekimeneko kidea pozik agertu da hainbat urteren ondotik azpiegitura berria ireki delako, baina, aldi berean, bidean hildakoak gogoratu ditu eta lana aunitzez lehenago egin behar zela azpimarratu nahi izan du. Hain zuzen, 2003tik honat 40 bat lagun hil dira, ehun baino gehiago hamar urteotan, eta horrek “ondoko belaunaldiak harrituko dituen porrot kolektiboa” suposatzen duela azpimarratu du. Errepide berrian ere kontuz ibiltzeko aholkua eman dute eta “garai batean Endarlatsa izan zen erruleta errusiarretik Endarlatsako Akordio eta Besarkadara pasatu dela” uste du Auzolan Ekimenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun