Bigarren mailako aizkolari txapelketaren kanporaketa larunbatean jokatuko da Donezteben

ttipi-ttapa 2009ko eka. 26a, 13:20
Ezker-eskuin, Juan Telletxea, Xabier Mindegia eta Jon Rekondo Donezteben izanen dira. Xabier Amillano, ordea, lesionatua dago. TTIPI TTAPA

Bortz lehenbizikoek finala Elizondon jokatuko dute uztailaren 26an

Nafarroako bigarren mailako aizkolari txapelketaren kanporaketa jokatuko da ekainaren 27an, larunbat arratsaldeko 17:00etan Doneztebeko Bear-Zana plazan.

13 aizkolari

Kanporaketa honetan parte hartuko duten 13 aizkolariak hauek izanen dira: Luis Mª Belarra (Doneztebe), Juan Jose Erdozia (Etxarri Aranatz), Juan Telletxea (Doneztebe), Jesús Etxeberria (Beintza Labaien), Xabier Ariztegi (Etxalar), Xabier Mindegia (Beintza Labaien), Sergio Mandazen (Garralda), Arkaitz Olano (Leitza), Jon Telletxea (Beintza Labaien), Daniel Vicente (Otsagi), Jon Rekondo (Leitza), Oihan Larretxea (Bera) eta Patxi Mindegia (Zubieta). David Amilllano altsasuarrak ez du parte hartzerik izanen, lesio baten ondorioz.

Finala Elizondon uztailaren 26an

Aizkolari hauek bi kanaerdiko eta 60 ontzako bat moztu beharko dute. Kanporaketa honetan sailkatzen diren lehen 5 aizkolariak finalerako txartela lortuko dute. Finala uztailaren 26an jokatuko da Elizondon. Azken bi sailkatuak berriz, printzipioz maila galduko dute, baina David Amilanorekin jaitsiera kanporaketa jokatzea eskatu dezakete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun