Ttipi-Ttapa Telebistaren eta euskarazko hedabideen alde 1.557 sinadura bildu dira

Aitor AROTZENA 2009ko eka. 26a, 12:48
Urko Ikardo euskara teknikaria, Patri Arburua (Igantzi), Iñaki Gogortza (Bera), Mentxu Peña (Arantza), Pello Apezetxea (Etxalar), Manuel Agirre, Koldo Saenz eta Joseba Indabere (Lan Munduko Batzordea)

Euskara Batzordeetako kideek aurkeztu zituzten ortzegunean Etxalarren eta Hezkuntza Departamentura eramanen dituzte uztailaren 2an

Bortzirietako euskara batzordeetako kideek Ttipi-ttapa telebistaren eta euskarazko hedabideen alde bildutako 1.557 sinadurak aurkeztu zituzten atzo, Ttipi-Ttapa Fundazioko egoitzaren atarian egindako prentsaurrean.
Bortzirietako herritarrak zoriondu nahi izan zituzten Ttipi-ttapa telebistaren eta euskarazko hedabideen alde erakutsi duten jarreragatik, baina Arantzako Batzordeko Mentxu Peñak gogoratu zuenez, “tamalez, elkartasun eta salaketa kanpaina abiatzeko arrazoiak hasieran bezain sendoak dira oraindik ere”.
Izan ere, batzordekideen ustez, “Nafarroako Gobernuak ez du inolako asmorik agertu euskarazko hedabideei diru laguntza duinak emateko, eta asmo onen aitortzaz haratago, ez du ziurtatu euskarazko hedabideek joan den urtera arte izan duten diru laguntza eskasa jasoko dutenik (%96 murriztu zuten hori bera)”.
Gainera, Nafarroako Gobernuak euskaraz emititzen duten tokiko telebistei “ez dizkie eskaini inolako bermerik euren egoera arautzeko eta horretarako beharrezkoa den lizentzia lortzeko”. Horren ordez, “euskararen aurkako erasoen zerrenda beltzari” bertze bat erantsi diotela adierazi zuten Euskara batzorde kideek, “Iruñerriko Euskalerria irratiari emisioa etetea agindu diote, sinestezina den sasi argudio bat baliatuta, nekez ezkutatzen duena benetako asmoa, alegia, euskarazko hedabideak itotzea”.

Eskualdeko tokiko telebista sendo baten aldeko apustua

Egoera honen aitzinean, Pello Apezetxea, Etxalarko batzordekideak aipatu zuenez, “euskarazko tokiko telebistaren eta euskarazko hedabideen aldeko konpromisoa berretsi nahi dugu. Eragile izanen gara aurrerantzean ere, herri agintariek euskarazko hedabideak babesteko dagokien ardura beren gain hartzen duten arte”. Etxalarren bildu zirenek, Bortzirietako euskara batzordeen izenean, “eskualdeko tokiko telebista sendo baten aldeko apustua” egin zuten, hartara, “elkarlanerako deia egiten diegu eskualdeko hedabideei, udal eta mankomunitateei, eta oro har, gizarte eragile guztiei, egitasmo horren alde urratsak egin eta behar diren bitartekoak para ditzaten”.

Uztailaren 2an Hezkuntza Departamentuan aurkeztuko dituzte

Urko Ikardo Euskara teknikariak jakinarazi zuenez, 1.557 sinadura hauek Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuan aurkeztuko dituzte Bortzirietako Euskara Mankomunitateko ordezkariek uztailaren 2an eta adierazpenak eginen dituzte bertan, prentsaren aitzinean.

Agerraldiaren bideoa

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun