Ander Erasunek irabazi du 19 urtez azpikoen Urrezko Aizkolarien Txapelketa

Artxibokoa 2009ko ekainaren 24a

Sasoi betean dagoela erakutsi du bertze behin Ander Erasunek. TTIPI TTAPA

Saralegiren kontra irabazi zuen finala ekainaren 6an Azpeitian

Bera zen faboritoa eta ez zuen hutsik egin. Ander Erasun aurtiztarrak aise irabazi zuen Urrezko Aizkorako finala, 19 urtez azpikoen kategorian. Ruben Saralegi leitzarraren kontra, hiru proba irabazi zituen eta Saralegik bi.
Lehen proban leitzarra izan zen nagusi, 45 ontzako enborra 30 kolpetan ebaki baitzuen. Erasunek bi gehiago eman zizkion. Bigarren proban, berriz, Malerrekara joan zen garaipena: 53 segundotan ebaki zuen tamaina bereko egurra, eta minutu eta segundo batean Saralegik. Hirugarrena, lehenbizikoa bezala, leitzarrak irabazi zuen, 51 segundotan moztu baitzuen zutikako enborra eta minutu eta 11 segundotan aurtiztarrak.
Saioa bukatzeko falta ziren bi probak Erasunentzat izan ziren. Laugarrenean, kanaerdikoa ebaki behar izan zuten eta minutu eta 31 segundo behar izan zituen horretarako Erasunek; Saralegik, berriz, minutu eta 57 segundoan.
Azken proban bi kanaerdiko eta bi 60 ontzako ebaki zituzten eta Erasunek 13 minutu eta 58 segundoan egin zuen lana. Saralegik 15 minutu eta 17 segundoan.
Sailkapen orokorrean, 18:05eko denbora egin zuen Erasunek guztira eta 19:36koa leitzarrak.
19 urtez azpikoen txapelketa irabazita, 23 urtez beheitikoa ere jokatuko du Ander Erasunek Aitzol Atutxa joan den urteko txapeldunaren kontra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun