Europako hauteskundeetan, EHA Euskal Herriaren Aldek, Mixel Gerendiainen zerrendak, eskuratu ditu boto gehien gure herrian. 204 saratarrek eman diote botoa EHAri. UMP bigarren gelditu da, 136 botorekin eta EAJ-PNB, Jean Aniotzbehereren zerrenda, hirugarren, 121 botorekin. AB barneratzen zuen Europe Ecologie laugarren atera da, 73 botorekin.
Frantziako alderdi sozialistak 29 boto baizik ez ditu eskuratu, eta MODEMek are gutxiago, 26, hain zuzen ere. Gaineratiko alderdi guztiek ez dute babes adierazgarririk eskuratu. Guztira 1.870 herritarrek zuten bozkatzeko eskubidea, baina 692k baizik ez dute baliatu, horien artean 25ek zuri edo baliogabe bozkatu dutelarik. Abstentzio haundia izan da, %63koa.
Abertzaleen nagusitasuna
Banatuta aurkeztu badira ere, hautagaitza abertzaleek gehiengoa eskuratu dute. EHAk bozkatu dutenen %30,6a eskuratu du eta EAJ-PNBk %18,1a. Europe Ecologiek eskuratu dituen botoen artean zaila da jakitea zenbat izan diren abertzaleak, baina batzuk hala izan direla pentsatzen ahal da. Orduan, erran nahi luke botoen erdia baino gehiago abertzaleak izan direla.
Joan den urteko kantonamendu bozetan Euskal Herria Bai abertzaleen koalizioak 626 boto eskuratu zituen. Oraingoan baino gehiago. Abstentzio handia izan dela eta, boto kopurua murriztu da, baina bataz-besteko ordezkaritza hazi. Iaz abertzaleek %42,4a izan zuten eta aurten %50 inguru, beti ere kontuan hartuz Europe Ecologie barnean diren boto abertzaleak zenbagaitzak direla.
Frantziako indarrei begiratuta, berriz, UMPk botoen %20,4a eskuratu du, iazko kantonaletan baino anitzez guttiago, orduan gehiengo osoa eskuratu baitzuen lehen itzulian. PSF eta MODEM ez dira ezta botoen %5era ere arribatzen.