Gasbidearen %80a egina dagoela adierazi du Roig kontseilariak

ttipi-ttapa 2009ko eka. 24a, 12:19
Eskualdeko udaletako ordezkariak Roig kontseilariarekin. TTIPI TTAPA

Eskualdeko alkateekin bilera egin zuen ekainaren 15ean Bertizen

Baztan - Bidasoako gasbideak izanen dituen 33 kilometro eta erditik 28 eginak daude. Lanen %80a egina dago, beraz. Hala jakinarazi zuen ekainaren 15ean Bertizko jauregian Jose Maria Roig Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Lan kontseilariak, inguruko alkateekin izandako bileran. Bileran inguruko egoera ekonomikoaz aritu ziren eta eskualdean hornidura eta garapen arloan departamentu horretatik aurrikusiak dauden azpiegiturak azaldu zituen kontseilariak.
Gasbidean eginen den inbertsioa 8,7 milioi eurokoa da eta horietatik 3,4 milioi Gobernuak paratuko ditu. Gasbideak Lesaka eta Elizondo elkartuko ditu eta banaketa sarea izanen du Sunbilla, Doneztebe, Narbarte, Legasa, Oieregi, Oronoz-Mugairi, Arraioz, Irurita eta Elbeten. 6.200 bizilagun hornituko ditu denera. Lanen akabaila N-121A errepideko lanen garapenarekin lotua dagoela aipatu zuen kontseilariak.
Bileran Doneztebeko azpiestazio elektrikoa proiektuaren berri ere eman zen. Lesaka eta Doneztebe arteko argindar linea berria egin da dagoeneko eta Doneztebeko azpiestazioa­rekin, Iberdrolak eskualdeari eskaintzen dion argindar zerbitzua uztailerako hobetuko da.
Langabeziaz ere aritu ziren eta inguruan gai honen inguruan kezka handia bada ere, Gobernuko ordezkariak aipatu zuenez, Baztan-Bidasoan langabeziaren eragina Nafarroa osokoa baino ttikiagoa da. Honela, 2009 urtean Nafarroan langabezia 36.375 lagunetik 37.832 lagunera igo den bitartean, Doneztebeko bulegoan pixka bat jautsi egin da, 975 lagunetik 968ra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun