Iparraldeko Joku Torneoaren txapeldunak erabaki ziren igandean Lakuntzan

Artxibokoa 2009ko eka. 24a, 12:13
Joakin Aioroa iturendarra nagusitu da aurten ingude altxatzean TTIPI TTAPA

Fernando Etxegarai, Joakin Aioroa, Unai Bertiz, Iñaki Bereau eta Miguel Angel Sukuntza izan dira garaile modalitate ezberdinetan

Igandean jokatu zen Lakuntzan Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatutako Iparraldeko Joku Torneoaren hirugarren eta azken jardunaldia.
Koxkor biltzean, Fernando Etxegarai beratarra izan zen bizkorrena, 6 minutu eta 20 segunduko denborarekin. Bigarren, Andoni Lasaga etxalartarra izan zen (6’23”), hirugarren Berriozarko Iñaki Ekisoain (6’31”), laugarren Berriozarko Eder Goldarazena (6’45”) eta bosgarren, suerte handirik izan ez zuen Patxi Irazoki igantziarra (6’46”). Honela, sailkapen orokorrean, hiru saioetan bi denborarik onenak kontuan hartuz, Fernando Etxegaraik irabazi du txapelketa (12’24”), bigarren Andoni Lasaga izan da (12’52”) eta Patxi Irazoki hirugarren (12’54”). Beraiekin batera, Iñaki Ekisoain eta Eder Goldarazenak parte hartko dute Nafarroako koxkoz biltze txapelketan.

Joakin Aioroa ingude altxatzean

Ingude altxatzean, iaz lehenbiziko agerpena egin zen Joakin Aioroa iturendarrak eta azpitxapeldun izan zen. Aurten, berriz, txapeldun izan da. Igandean 66 jasoaldi egin zituen; Carlos Sein igantziarrak 62 eta Ander Mitxelena beratarrak 58. Xabi Sein lesionatu egin zen larunbatean eta ezin izan zuen ez ingude ezta lasto altatxatzeko proban ere parte hartzerik izan. Honela, sailkapen buru Joakin Aioroa izan da, 199 jasoaldirekin; Carlos Seinek 185 egin ditu; Ander Mitxelenak 172 eta Xabi Sein 130ean gelditu da.

Unai Bertiz harri jasotzen

Harrijasotzean Unai Bertiz sunbildarra nagusi izan zen igandean ere, 4.187 kilo terdi altxatuta. Josetxo Urrutiak 3.725 altxatu zituen eta Xabier Igoak 3.425. Dena den, Leitzakoak bi jardunalditan bakarrik parte hartu duenez, azkenean hirugarren izan da sailkapen orokorrean, Xabier Igoaren gibeletik.

Iñaki Bereau lasto altxatzen

Lasto altxatzen berdintasun handia izan zen. Aipatu bezala Xabi Seinek ez zuen parte hartzerik izan eta bertze hiru igantziarrek hamarna jasoaldi egin zituzten. Iñaki Bereau hamekagarrena egiteko 64 zentesima behar izan zituen; Carlos Seinek segundua eta 4 zentesima eta Oskar Telletxeak segundua eta 90 zentesima. Sailkapen orokorrea, Iñaki Bereau nagusitu da, 32 jasoaldirekin; Oskar Telletxeak eta Carlos Seinek hogeita hamarna egin dituzte eta Xabi Sein 22tan gelditu da, hori bai, jardunaldi bat guttiago jokatuta.
Zaku lasterketan, Berriozar B taldeak segundu eta 23 zentesimako aldea atera zion Lakuntzan A taldeari eta honela, sailkapen orokorrean aurre hartu zion, 41 zentesimarengatik.

Miguel Angel Sukuntza txinga eramaten

Txinga eramaten, Miguel Angel Sukuntza leitzarrak ez zuen parte hartu eta Berriozarko Imanol Martin nagusitu zen, kasik 15 plaza eginez. Josetxo Urrutia leitzarrak 7 plaza pasaxeak egin zituen. Halere, saio bat guttiago eginagatik, sailkapen orokorrean Miguel Angel Sukuntza nagusitu da 1.198, 25 metrorekin. Imanol Martinek 1.006,70 metro egin ditu eta Josetxo Urrutiak 341,20 metro.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun