Herritik ateratzeko dauden bi bidegurutzeak aldatzeko proiektua ikusgai Herriko Etxean

ttipi-ttapa 2009ko ekainaren 23a

Alegazioak aurkezteko epea zabalik dago

Herritik atera eta herri­ra sartzeko dauden bi bidegurutzeak moldatzeko proiektua Sertecna enpresari agindu zion joan den urtean Nafarroako Gobernuko Herri Lanetako zuzendari nagusiak. Eta orain, proiektua behin behinekoz onetsi eta ukitutako ondasun eta eskubi­deen zerrenda jakinarazi du Gobernuak. Jendaurrean hilabete batez egonen da udaletxean, alegazioak aurkeztu ahal izateko.

Hegoaldeko bidegurutzea

Gobernutik jakinara­zi dutenez, hegoaldeko bidegurutzea, Doneztebe alde­koa, garrantzitsuena da. Gaur egun, Iruñetik Sunbillara doazen ibilgailuek eta herrigunetik Behobiara doa­ze­­nek errepidea gurutzatu behar dute, bi errailak zeharkatuz. Trafiko haundia izaten da toki horretan eta zati arriskutsua da, hildakoak ere izan baitira tarte horretan. Hala, errepideko bi lerroak ez gurutzatzeko, Iruñetik herrira sartzeko erdiko lerro bat eraiki nahi da. Hartara, biraketa egiten duten ibilgailuek Sunbillan sartzeko lerro bakarra gurutzatu beharko lukete. Behobiara joa­te­ko, berriz, azelerazio bidea egitea proposatu da.

Iparraldekoa

Iparraldeko bideguru­tzearen kasuan, Irun aldekoan, helburua ezkerreko biraketak kentzea da, errepidea ez gurutzatu behar izateko. Horretarako, ibilgailuak soilik eskuinera biratzera behartuko dira. Beraz, herritik Behobiara ezin izanen da atera bidegurutze horretatik, ezta Iruña aldetik Sunbillara sartu ere. Bertze bidegurutzea erabili beharko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun