Frantziako Sari Nagusian hamekagarren postua eskuratu du bi aldiz Javier Mariezkurrenak

Artxibokoa 2009ko eka. 23a, 12:28
Joan den urtean Montmelón garaile atera zen Mariezkurrena. Uztaileko lehen aste hondarrean lorpen hori errepikatzen saiatuko da. TTIPI TTAPA

Doneztebeko gidariak eta Ederki Eskuderiak Nogaron parte hartu zuten

Javier Mariezkurrena Doneztebeko kamioi gidariak eta Ederki tailerreko eskuderiak ez zuten suerte handiegirik izan asteburuan, Nogaroko zirkuituan egin zen Frantziako Sari Nagusian.
Ortziralean, kazetariekin batera joateko aukera aproetxatuz, MAN kamioiaren gibeleko ardatz berria probatu nahi izan zuten. Zenbait arazo izan zituzten eta denborak hobetzen ez zirela kontuan hartuz, berriz ere lehengoa jartzea erabaki zuten.

Larunbateko lehen karrera gaizki hasi

Larunbateko lehen karrera gaizki hasi zen, lehenbiziko bihurgunean pistatik atera baitzuten kamioia eta bueltatu zenerako, itzulia galdua zuen Mariezkurrenak. Azkenean, hamazazpigarren postuan sailkatu zen. Bigarren karrera hobea izan zen, irteera on baten ondotik, zenbait kamioi aitzindu eta hamekagarren izan baitzen.

Igande gazi-gozoa

Igandean jende ugari hurbildu zen Nogarora, aunitz mugaren bi aldetatik joandako euskaldunak eta Mariezkurrena eta bere taldea gogotik animatu zutenak. Lehenbiziko karreran, entrenamenduetan krono onak egin ondotik, parrilaren hamabigarren lekutik atera zen Mariezkurrena eta lasterketa polit batean, hamargarren posturako lehian ibili ondotik, hamekagarren sailkatu zen.
Igandeko bigarren karreran, ordea, larunbateko lehenbizikoan gertatutakoaren berdintsua gertatu zen. Lehenbiziko bihurgunean kamioia gibeletik kolpatu eta pistatik atera zuten eta berriz ere galdutako itzuliarekin ekin behar izan zion probari. Zenbait kamioi aitzindu bazituen ere, 19. postuan akitu zuen proba.

Montmelón uztaileko lehen aste hondarrean

Laburbilduz, asteburu gogorra, mekanikoendako batez ere, eta orain, uztailaren lehen aste hondarrean Montmelón jokatuko den Kataluniako Sari Nagusia prestatzera. Argazkian ageri denez, joan den urtean Espainiako txapelketarako lehen postua lortu zuen zirkuitu horretan Mariezkurrena eta lorpen hori errepikatzen saiatuko da Doneztebeko kamioi gidaria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun