Bi urtez obratan aritu ondotik, N-121A errepidearen Beratik Irunerako zatia ortziral honetan, hilak 26, inauguratuko dute, eta beraz, egun horretatik aitzinera ibilgailuentzat zabalik egonen da. Joan den ortzegunean, ekainak 18, kargaren proba ere egin zuten. Doneztebeko Mariezkurrena enpresak egin ditu lanak.
Endarlatsatik Irunerako zati berriak 6,6 kilometro edukiko ditu eta 2,5 kilometro Endarlatsatik Bera artekoak. Zati gehienean, 4,4 kilometrotan, hiru errail izanen ditu bide berriak, horietatik bat aurreratzeko. Tuneletan, berriz, bi errail izanen ditu. Puntxas eta Behobia inguruan lau erreil izanen ditu, norantza bakoitzarentzat bi.
Bertzalde, aipatu, errepide berriarekin paralelo bidegorria eginen dela.
Bertze zatia gibeleratua
N-121Ako gainerako lanak, ordea, gibeleratuak doaz, Igantzi-Etxalar eta Etxalar-Bera zatikoak, alegia. Nafarroako Gobernutik adierazi dutenez, uda bukaerarako akituak egonen dira, nahiz eta hasieran apirilerako eginak izanen zirela iragarri.
Zati horretako obrak aldi baterako enpresa-elkarte (UTE) baten esku dago, baina tartean enpresa aldaketak izan dira eta horrek ere eragina izan du atzerapenean.
Igantzi-Etxalar zatiak 4,15 kilometro izanen ditu eta lau zubibiderekin gurutzatuko du Bidasoa ibaia. Etxalar-Bera zatiak 3,72 kilometroko luzera edukiko du eta bortz adiz gurutzatuko du Bidasoa.