A zer nolako meritua, jendearen eskaeren araberako instalazio anitz eta ugariak izatea … Kirol alorrari erreparatuz gero, Donezteben eskaintza zabala dugu, nahi duenak bere gustoko kirola egin ahal izan dezan. Kirol horien guztien artean, judoa dago. Jarduera hau, norbanako pribatu batek eskaintzen du, eta lehenago eskola-guneko gimnasioan ematen zen. Duela urte batzutik hona, ez urte sobera, kiroldegiaren aldamenean hortarako prestatutako gela batean ematen hasi ziren judoko orduak. 2008 urtean, krisia ailegatu zen. 2009 urteak, krisiaren larritze bat ez ezik, ZPren laguntzak ekarri dizkigu: Donezteberendako 269.376 eurokoa izanen da laguntza hori. Kasualitatez edo, udaletxeak, alkatea buru dela, berehala sortu du diru hori guztia xahutzeko behar larri bat: kiroldegia haunditzea, judoa praktikatzeko 120 metro koadroko bertze anexo bat sortuz. Udaletxeak haunditze honen beharra argudiatzeko, eskaera haundia dagoela erraten du, eskaera haundi honen nondik norakoak batere dokumentatu gabe. Herrian dauden behar guziak ongi aztertu ostean, hau da udaletxearendako dagoen beharrik premiazkoena. Kiroldegiaren handitzearen beharra benetakoa bada, logikoena jarduera ematen duen eskola pribatuak, bertze instalazio publiko bat edota lokal pribatu bat bilatzea izanen zen. Gai honek ez du sobera usain onik, kalifikatibo iraingarriagorik ez erabiltzearren. Enpresa pribatu batek erabiliko duen lokal bat eraikitzeko diru publikoa inbertitzea… Honek izen bat dauka: interes partikularren mesedetan, diru iturri publikoen malbersatzioa. Gure informazioaren arabera, Estatuak emandako dirulaguntzak, ez du proiektu osoaren kostua betetzen. Udalak duen zorra 2008ko abenduaren 31n, 467.000 eurokoa da, errespetatzeko moduko kantitatea inondik inora. Edonolako garaietan, baina areago krisi garaietan, kantitate hau kontrolik gabe haunditzeak, baliabideak gaizki kudeatzen ari direla adierazten digu, are gehiago behar handirik ez duten proiektuetan inbertituz hazten badira… Honen ildotik trafikoa berrantolatzeko egin behar diren inbertsioetaz ere solas dezakegu, zerbait egin beharraren egin beharraz eginiko plana iruditzen baitzaigu, haur aunitz dabilen tokietara ibilgailuak eramanez, eta gaur egungo arazoak partxe probisional bat jarri eta honek iraun bitarte, soluzio probisionala emanez… Alkate jauna, berorrek udaletxean daukan lana, udaletxea zuzendu, eta herriaren mesedetan aritzea baino ez da, ez zergak ordaintzen ditugunon dirua xahutzea. Gizabanako zintzoek herriari entzun egiten diote, herriaren jakinduritik zerbait ikasi nahian. Informatikako hizkera ahotan hartuta, ezaba beza proiektu hau, eta igorri beza birziklatzeko zabor ontzira… Gerta baitaiteke, zuzenbidean jantzitako norbaitek, gaian gehiago sakondu, eta berorrendako gustuko ez diren gauzak topatzea. Alkate jaunaren currikulumean ez luke batere txukun emango…
Doneztebeko Elizagibela 5eko bizilagunak
H 31711138