Heldu den hilabetetik aitzinera, eskualdeko familia aunitz etxez etxeko posta zerbitzurik gabe geldituko dira. Horren ordez, postontzi kontzentratuak paratuko dira puntu jakin batzuetan inguruko etxeen posta biltzeko. Correosek «salbuespen kasutzat eta inguru berezitzat» dituen tokietan sartuko da indarrean neurria, «isolatuak» diren etxeetan. Baserriak multzo horretan sartu dituzte, baita herriguneko zenbait auzo ere. Erabakiak, ordea, ez du erantzun onik jaso eskualdean. Udalak eta aldaketa somatuko duten herritarrak posta etxean jaso nahi dute, orain arte bezala. Aldaketa, oraingoz, Etxalar, Bera, Sunbilla eta Zugarramurdin egin nahi da. Desadostasuna agertuz, Etxalarko Udalak ekimen bat ere paratu du abian. Erabakiaren kontrako mozioa onartu eta udalez udal atxikimenduak biltzen ari da. Dagoeneko Bortzirietako udalek eta Sunbilla, Bertizarana, Doneztebe, Urrotz, Baztan eta Zugarramurdikoek bat egin dute. EAk, bere aldetik, posta zerbitzua bere horretan mantentzeko eskatu du.
Gaur egun, baserrietako posta astean bizpahirutan banatzen da, baina postaria etxera joaten da eskutitzak eramatera. Uztailaren 1ean, ordea, zerbitzua aldatu eginen da eta ohiko posta ez da etxez etxe banatuko, etxebizitza aunitzetako posta bilduko duten kasilleroak edo kutxatilategiak erabiliz baizik. Momentuz aldaketaren abisua jaso duten herriak Etxalar, Sunbilla, Zugarramurdi eta Bera dira. 503/2007 Errege Dekretuan oinarrituz egin nahi du aldaketa Correosek. Horren arabera, Correosek «salbuespen kasuetan eta inguru berezietan» banaketa postontzi kontzentratuetan egiteko eskubidea du. Correoseko prentsa bulegotik azaldu dutenez, «aldaketaren helburua banaketaren kalitatea hobetzea eta normalizatzea da, eta legea betetzea». Normalizazio ezaren gibelean, hainbat arrazoi daudela aipatu du Correosek: «eskutitz aunitzek ez dute helbidea ongi idatzia izaten, ez dute posta entregatzeko guttieneko informaziorik –izena, kalea, zenbakia eta herria–; etxearen izena bakarrik izaten dute». Horrez gain, Correosen arabera, «hainbat etxek ez dute buzoirik», eta bide batzuen egoera «eguraldiaren arabera, arriskutsua» da. Legearen arabera, hektareako 25 biztanle eta 10 etxebizitza edo guttiago dituzten inguruetan Correosek posta zerbitzuan aldaketa hau egin dezake. Baita zerbitzu publikoak emateko erabiltzen den edozein bidetik 250 metro baino urrutiago dauden etxeetan ere. Horri erantzunez zera adierazi du Patxiku Irisarri Etxalarko alkateak: «Bortzirietako Mankomunitateek euren zerbitzuak ematen dituzte auzo horietako etxeetan, inongo arazorik gabe». Gainera, Correosentzat isolatuak diren etxe horiek «auzoak osatzen dituzte, eta hala onartuak daude». Multzo horretan gure eskualdeko baserri auzo aunitz sartu dituzte, eta Sunbillako herriguneko eremu batzuk ere bai: Eguzkialdea, Ukulu eta Ugaldea urbanizazioak. «Guk dena herrigunea dela erraten diegu, baina eurek nahi bezala interpretatu dute legea», dio Pako Errandonea Sunbillako alkateak. Horietako batean, Eguzkialdean, postontzi kontzentratua paratua dute dagoeneko, Errandonearen hitzetan, «posta ez dutela banatuko erraten digute eta gabe gelditu aitzinetik mugitzen hasi gara». Buzoia paratzeko gastua auzotarrek ordaindu dute.
Bi urte posta etxean jaso gabe
Azken hiru hilabeteotan postontzi kontzentratuarekin funtzionatzen duen Sunbillako Eguzkialdeko auzotarra da Marisol Sanchez. Ez du gustuko neurria, bere hitzetan, bertze herritarrek bezala, berak ere etxean jasotzeko eskubidea duelako: «zerbitzu guziak herrigunean bezala ordaindu eta ailegatzen zaizkigu, eta zergatik ez posta?». Baina halabeharrez kutxatilategia paratu dute. «Azken bi urteotan etxean posta jaso gabe egon gara, udaletxean, dendetan edo Doneztebeko Correosera joanez hartu dugu. Etxera ez ziguten ekartzen eta orain kutxatilategian uzten digute». Aldaketarekin zerbitzuak okerrera eginen duela iritzi dio Patxiku Irisarrik: «aunitzek karten bila joateko kotxea hartu beharko dute. Eskutitz bakoitzak helbidea eta seilua du, seilu horrek dirua balio du eta helbide horretara ailegatzeko ordaintzen da». Neurri berriarekin, posta zerbitzuan «erregulartasuna eta eraginkortasuna» lortuko direlakoan dago Correos. Baina ez da iritzi berekoa Irisarri, guztiaren gibelean sektorearen liberalizazioa dagoela uste baitu: «hemendik urte batzuetara sektorea liberalizatu eginen da eta lehiakorrak izateko gastuak murriztu egin nahi dituzte. Bertzela, estatuak seiluaren prezioa igo egin beharko du». Gaineratu digunez, «eskutitz bat ere bidali ziguten, zerbitzu berriak eskaini eta langilegoa egokitzeko laguntza eskatuz, baina hori ez da gure errua, guk ez dugu zerbitzu aldaketarik nahi, guk oraingoa mantentzea nahi dugu». Ez da Correosek halako zerbait egin nahi duen lehenbiziko aldia. Etxalarren, adibidez, duela sei urte egunero posta banaketa egin ezin zutela eta, Kontsumo Tartekaritza Batzordera jo behar izan zuen Udalak. «Astean hiru aldiz banatzeko gelditu ginen», kontatu digu Irisarrik. Udalak eta herritarrak ez daude ados. «Kezka eragin du herritarrengan», diote Etxalarko eta Sunbillako alkateek. Errandonearen irudiko, horrelako aldaketekin «bertze mailako herritarrak garela ikusten da. Hirietako auzo berrietan posta banatu egiten da, eta herri ttiki hauetan zer?». Espainiar estatuan 5.500 «inguru berezi» zenbatuak ditu oraingoz Correosek, eta datozen hilabeteetan neurria indarrean paratuz joanen omen dira.
Uztailaren 1etik aitzinera zer?
Zer gertatuko da uztailaren 1a ailegatu eta auzoetan postontzi kontzentraturik ez badago? Non jasoko dute auzotarrek posta? Ba Correoseko bulegoetan hartu beharko dute. Baina ez daude Udalak geldirik egoteko prest, eta zerbitzuak orain arte bezala segi dezan exijitzeko, «borrokan» segitzeko prest daudela aipatu digu Irisarrik. «Orain sei urte bezala sinadura bilketa eginen dugu; Kontsumo Tartekaritza Batzordera ere joko du eta hemen ez badigute gauza haundirik erraten, epaitegietara joateko ere prest gaude, Etxalarko herria bakarrik edo bertze herriekin». Sunbillako alkateak, bere aldetik, zaila ikusten du neurria geldiaraztea, «akaso, denak bat eginez gero...».
Alkateen iritzia
Patxiku IRISARRI
Etxalarko alkatea
«Guk ez dugu zerbitzu aldaketarik nahi, guk oraingoa mantentzea nahi dugu»
Pako ERRANDONEA
Sunbillako alkatea
«Horrelako aldaketekin bertze mailako herritarrak garela ikusten da»