• 18-19 urte zituenetik taloak egiten dabil Maria Mitxelena saldiastarra. Ahizpa, ama eta senarrarekin hainbat tokitan ibiltzen da taloak egiten.
• Aurten lehenbizikoz Euskal Herriko Talo Txapelketa jokatu zen Errenterian maiatzaren 23an. Euskal Herriko 16 talogilek hartu zuten parte, eta tartean saldiastarrak. Irabazlearen txapela eta 1.000 euroak beretzat izan ziren.
• Talo on bat egiteko sekretua zein den aitortu gabe, batera eta bertzera nola ibiltzen diren kontatu dio Mariak Ttipi Ttapari.
Nolatan aurkeztu zinen Euskal Herriko Talo Txapelketara?
Talo Eguna izaten da egun horretan Errenterian eta behin baino gehiagotan parte hartu izan dugu. Lehengo urtean ez ginen joan baina aurten berriz deitu ziguten joan nahi ote genuen galdetzeko. Guk ezetz esan genien. Hortaz aparte, Talo Txapelketa egin behar zutela eta, parte hartu nahi nuen galdetu zidaten. Arazo pertsonalak zirela eta, ez nekien nola ibiliko nintzen eta ezetz esan nien. Azken astean berriz deitu zidaten eta senarrak baietz esan zien. Beraz, berak ere badu meritua.
Espero zenuen irabazle izatea?
Inondik inora ere ez. Hor barna taloak egiten ibiltzen garenean, adinekoak hurbildu eta «ez da horrela egiten» eta halakoak aditu behar izaten dira eta txapelketa egunean 16 lagunetik bakarra zen ni baino gazteagoa, leitzar bat. Denak adinekoak izanik ez nuen espero irabaztea. Dirua baino gehiago, saria niretzat izan delako nago gustura.
Zer egin behar izan zenuten lehiaketan?
Ur beroa, hotza, palangana eta kilo erdi irin eman zizkiguten, baita txapa ere, eurek pentsatutako tenperaturan. Guk tabla eta espatula eraman genituen. Hamar minutu eduki genituen taloa egin, erre eta aurkezteko. Taloak gustuaren araberakoak dira, eta txapelketan niri gustatzen zaidan bezala egin nuen: fina eta bi azalekin.
Zein da talo on bat egiteko sekretua?
Sekretua da! –irribarrez–. Irina, ura eta gatza behar dira eta kantitatea norberak aukeratzen du. Esaten dutenez, masa egiterako esku ona behar da. Taloa edozeinek egin dezake, baina masa ona egin behar omen da.
Nola ikusten duzu talogintza?
Itsasoa bezalakoa da hau, arrain haundiak txikia jaten du. Talde txiki asko dago, baina bizpahiru talde haundi daude eta merkatua euren esku dago. Eskatzen den diru kopurua edozein dela ere, gai dira ordaintzeko, eta zaila da lehiatzea. Gainera, hemen inguruan taloak egiteko ohitura haundia dago.
Plazaz plaza ibiltzen zarete?
Bai. Ama, ahizpa, senarra eta laurok, eta feria haundiagoa bada gehiago. Denboraldia irailean hasten da, eta ilbeltza arte gelditu gabe aritzen gara: Arnedo, Elizondo, Doneztebe eta Lesakako feriak, Erribera, Lizarrako San Andresak, Santomasak, Arrasateko Santamasak, Deba, Tafalla... Ilbeltzetik aurrera lasaiago egoten gara. Uztailean Sorogainera joanen gara eta abuztuan lan gehiago edukiko dugu.
Garai batean eta gaur egun egiten diren taloak berdinak al dira?
Ez. Garai batean ez zuten arto transgenikoak zer ziren jakinen, eta orain Nafarroan transgenikoa ez denik ez da izanen. Lehen gehiago jaten zuten eta zaindutakoak ziren. Masa egun batean egin eta biharamunera arte ere uzten zuten. Normalean, ordea, fermentatu egiten da. Ogi irina nahasita iraunen zuen. Horrez gain, orain txapan egiten dira eta lehen lurreko suan. Ez du deus ikustekorik, ez gustuan, ez usainean ere.
«Garai batean ez zuten arto transgenikoak zer ziren jakinen, eta orain Nafarroan transgenikoa ez denik ez da izanen. Lehen gehiago jaten zuten eta zaindutakoak ziren»