Doneztebe futbol taldeak Nafarroako Kopa irabazi du

ttipi-ttapa 2009ko ekainaren 22a

Doneztebeko jokalariak, entrenatzaileak eta laguntzaileak, kopa jaso ondotik. TTIPI TTAPA

Bere bigarren denboraldian, lehenbiziko txapelketa eskuratu du

Doneztebe Futbol Taldeak Nafarroako Erregionaleko lehen mailako kopa irabazi zuen larunbatean Mutiloabeitin, finalean Castillo de Tiebas taldeari 1-0 irabazita. Jon Apeztegiak egin zuen doneztebarren gola, sortu zenetik bere bigarren denboraldia bete berri duenean dagoeneko lehenbiziko titulua emanez Doneztebe Futbol Taldeari.

Talde sendoa

Mikel Maia entrenatzaileak honako hamekakoa zelairatu zuen: Eduardo Bertiz atepean; Iñigo Latasa, Liborio Ariztia, Javier Jabalera eta Joseba Petrirena gibelean; Jon Maritxalar, Asier Hernandorena, Iker Irazoki eta Jaime Sein erdian eta Fermin Orrio eta Jon Apeztegia aitzinean. Ibai Ordax, Ander Bertiz, Aitor Bertiz eta Aritz Baleztena ere zelairatu ziren, baina denboraldi osoan talde guziak egin duen lana goraipatu nahi izan zuen Mikel Maia entrenatzaileak titulua irabazterakoan.

Gola lehen zatian

Finaleko lehen zatian jaun eta jabe izan zen Doneztebe Futbol Taldea, baina kasik azken minutura arte ez zuen gola egin. Denboraldi bikaian osatu duen Iker Irazokik ezker hegalera zabaldu eta Jon Apeztegiak jokaldi ederra egin ondotik, Tiebaskoen sarera bidali zuen baloia. Bigarren zatia hobekixiago aritu ziren Castillo de Tiebaskoak eta zutoinera bidalitako baloi batekin estutu zituzten Doneztebekoak, baina zorionez markagailua ez zen mugitu. Azkenean, garaipena eta bere historia laburreko lehen titulua Doneztebe Futbol Taldearentzat.

Lehen txapelketa bi urte dituen taldearentzat

Denboraldi hasieran, zazpi lehenbizikoen artean sartzea lorpen handia zela uste bazuen ere, ligan bosgarren izan eta igoera faserako sailkatzeko punttuan izan ondotik, kopan ezustea eman eta txapeldun izan dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun