Belateko tunelean lanak eginen dituzte aste osoan gauez

TTIPI TTAPA 2009ko ekainaren 22a

Ortziralean irekiko dute Bera eta Irungo N-121A errepide berria

22ko gauetik ekainaren 26ko goizaldera mantenimendu lanak eginen dituzte Belateko tunelean, N-121A errepidean. Lanak gauero eginen dira, 23:00etatik goizaldeko 5:00etara eta ordutegi horretan, errepidea itxiko ez bada ere, txandaka emanen dute bidea, 28 eta 31 kilometroen artean. Bertze aldetik, Bera eta Etxalar tartean, N-121A errepideko lanak direla eta, txandakako bidea emanen dute aste osoan Berrizaun, Etxalar eta Bera inguruan, gauez semaforoen bidez eta egunez seinalisten bidez.

Bera-Irun zatia ortziralean irekiko dute

Modu berean, gogoratu behar da bi urtez obratan aritu ondotik, N-121A errepidearen Beratik Irunerako zatia ortziralean, ekainak 26, inauguratuko dutela, eta beraz, egun horretatik aitzinera zabalik egonen da. Endarlatsatik Irunerako zati berriak 6,6 kilometro edukiko ditu eta bertze 2,5 kilometro Endarlatsatik Berara artekoak. Mariezkurrena enpresak egin ditu lanak. Zati gehienean, 4,4 kilometrotan, hiru errail izanen ditu bide berriak, horietatik bat aurreratzeko. Tuneletan, berriz, bi erreil izanen ditu. Puntxas eta Behobia inguruan lau erreil izanen ditu, norantza bakoitzarentzat bi. Aipatu, bertzalde, errepide berriarekin paralelo bidegorria eginen dela.

Hernani-Goizueta errepidean lanak

Bukatzeko, gogoratu behar da Goizueta eta Hernani artean, NA-4150 errepidean, moldaketa lanekin segitzen dutela, 16 eta 22 kilometroen artean, eta tarteka bide mozketak eta txandakako pasabidea emanen dela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun