Sorginaren Eguna ospatu zuten bigarren urtez Zugarramurdin

ttipi-ttapa 2009ko ekainaren 22a

Tusuri taldeak pertsonai mitologikoak karrikaratu zituen Zugarramurdin. TTIPI TTAPA

Giro ederra izan zen eta karriketan Erdi Aroko Azoka ere egin zen

Zugarramurdin Sorginaren Eguna ospatu zuten bigarren urtez eta herriko karriketan, Tartalo, Herensuge eta euskal mitologiako bertze hainbat pertsonai ikusi ziren larunbatean. Lezeen barnean postu ezberdinak jarri zituzten bitartean, Zugarramurdiko karriketan Erdi Aroko Azoka egin zen. Akelarre elkarteko antolatzaileek, duela 400 urte herrian izan ziren gertakari larriak gogoratzeko eguna da Sorginaren Eguna. Urtetan Akelarreren antzerkia eginkatu dute Zugarramurdin, baina azkenean izugarrizko jendeketa ekartzen zuen gaupasa bilakatu zen. Lezeendako kaltegarria zelakoan, hausnarketa urte baten ondotik, Sorginaren Eguna antolatzea erabaki zuen Akelarrek.

Tusuri taldea karrikaz karrika eta postuak

Larunbatean ikuskizun ederrak izan ziren Zugarramurdin. Pertsonai mitologikoak plazaratu zituen Tusuri taldea plazatik abiatu eta karrikaz karrika ibili zen, lezeetaraino ailegatzeko. Bidean, herrian hedatutako hainbat saltzaile postu ikusgai zeuden: sendabelarrenak, arropak, tinte naturalak, larrukiak, eztia, marmelada eta etxeko pattarrak, zurez egindako jokuak… Falkoneria erakustaldia ere izan zen, David Alduaneen eskutik.

Solasaldiak Sorginen Museoan

Bitartean solasaldiak ere izan ziren Sorginen Museoan. Sylvie Imberdis astrologiaz eta sorginkeriaz aritu zen; Jose Antonio Azpiazu XVI eta XVII. mendetako emakumeaz aritu zen eta Itziar Salegi sendabelarretaz. Zugarramurdiko antzerki taldea XVII. mendean barneratu eta inkisidoreak zein ziren erakutsi zuten. Sant Feliu de Serrako taldeak “Fira de las Bruxas”egin zuen, Tusurik bertze karrikabuelta egin zuen eta lezean egindako akelarrearekin akautu zen aurtengo Soginaren Eguna.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun