Belate elkarteko klubek jokatzen duten Nafarroako Herrien arteko pilota txapelketaren finalak jokatu ziren larunbat goizean Igantzin, Igantziko Biltoki eta Baztango Txarutaren artean. Hiru partidetatik bi irabazi zituenez, etxeko taldea, Igantzi suertatu zen txapeldun.
Umeen kategorian, Igantziko Biltokiko Jokin Mitxeo eta Enaitz Telletxeak 18 eta 8 irabazi zieten Baztango Txarutako Elur Meoki eta Ibon Irazokiri.
Kimuen kategorian, Txarutako Mattin Asiain eta Iñaki Ansók 18 eta 14 irabazi zieten Biltokiko Oihan Canabal eta Peio Migelenari eta haurren kategoriako partida estu eta erabakigarrian, Biltokiko Unai Telletxea eta Mikel Beginok 18 eta 16 irabazi zieten Txarutako Iñaki Azpiroz eta Dario Trantxeri.
Aipatzekoa da Unai Telletxeak bertze txapel bat ere lortu duela asteburuan. Jon Olaizola lesakarrarekin batera, Lizarrako txapelketako Umeak B mailan txapeldun suertatu zen igandean.
Leitza aurreratu da finalerdian
Nafarroako Pilota Federazioak antolatzen duen Nafarroako Herriarteko txapelketan berriz, joaneko partidak jokatu zituzten larunbat goizean Uhartek eta Leitzak. Bina partida irabazi zituzten, baina leitzarrek hamar tantuko abantaila lortu zuten. Leitzan erabakiko da finalera zein pasatuko den. Alebin mailan, Uharteko Sanchez eta Etxeberriak 18 eta 6 irabazi zieten Leitzako Lezea eta Ander Eskuderori. Infantiletan, Leitzako Anartz Olano eta Mikel Hernandorenak 18 eta 15 irabazi zieten Yoldi eta De la Fuenteri. Jubeniletan, Xabier eta Jon Jaunarena anaiek 22 eta 1 irabazi zieten Uharteko Etxague eta Iraizoz-i eta seniorretan, Uharteko Garralda eta Linzoainek 22 eta 20 irabazi zieten Leitzako Asier Garcia eta Mikel Iriarteri.
Beste txapelketak
Lizarrako txapelketaren finala galdu egin zuten igandean Olano eta Tolosak, 13 eta 18 Iribarria eta Larrearen kontra. Olano eta Tolosak beraiek, Hitza txapelketan 17 eta 18 galdu zuten ostiralean. Saldiasko festetan larunbatean jokatutako partidan, seniorretan, Jon Jaunarena eta Mikel Iriartek 22 eta 10 irabazi zieten Elurbe eta Otxotorenari. Igandean, berriz, Orduñan jokatu zuen Jon Jaunarenak Larrinagarekin bikote eginez, eta 22 eta 15 irabazi zieten Mendizabal eta Iriarteri.