Herri Lanetako zuzendari nagusiak, joan den urteko uztailean, N-121A errepidean Sunbillako hego eta iparraldeko bidegurutzeak moldatzeko proiektua prestatzeko lanak Sertecna enpresari esleitu zizkion eta orain, proiektu hori behin behinekoz onetsi eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jakinarazi du Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariak. Jendaurrean hilabete batez egonen da Sunbillako Herriko Etxean, edozeinek bidezkotzat jotzen dituen ohar edo alegazioak egin ahal ditzan.
5.841 ibilgailu eguneko
Zainketa Zerbitzuak jakinarazi duenez, Sunbillako hegoaldeko bidegurutzea, N-121A errepideko 49,350 kman dagoena, garrantzitsuena da, herrigunetik hurbilena delako eta bi zerbitzugunetatik gertu dagoelako. Gaur egun, bidegurutzea biribilgune zatitu bat da. Bertan, Iruñetik Sunbillara doazen ibilgailuen ezkerreko biraketak egiteko eta herrigunetik Behobira doazenenek errepidea gurutzatu behar dute, galtzadaren zabalera osoa zeharkatuz. Errepideko eguneko banaz bertzeko intentsitatea 5.841 ibilgailukoa da. Horietariko %27,9 ibilgailu astunak dira. Trafikoaren goi intentsitate horrek, kamioi kopuru handiak eta errepideak bihurgunean duen trazadurak oso arriskutsu bihurtzen dituzte biraketa horiek. Horregatik puntu horretan istripuak gertatu izan dira, batzuetan hildakoak eragin dituztenak.
Sunbillara sartzeko dezelarazio bidea eta herritik ateratzeko azeleraziokoa
Errepideko bi lerroak ez gurutzatzeko, ezkerreko biraketak egiteko erdiko lerro bat eraiki asmo da. Bertan, biraketa egiten duten ibilgailuek Sunbillan sartzeko edo bertatik ateratzeko lerro bakarra gurutzatu beharko dute.
Erdiko erraiak dezelerazio bidea du, Iruñetik Sunbillera doazen ibilgailuendako, eta, Sunbillatik atera eta Behobirantz errepidean sartzen direnendako, azelerazio bidea. Era berean, eskuineko biraketetarako azelerazio eta dezelerazio lerroak proiektatu dira, ahalik eta luzeen, lur erabilgarriaren arabera. Iparraldeko eta hegoaldeko trafikoen arteko bereizketa erdibitzaile baten bidez egin da. Erdibitzaileak zapaltzen ahal den zintarria du eta bi aldeetan bazterbide bana.
Ondoko etxebizitzetara joateko, bi biribilgune itxi txiki eginen dira, errepide nagusiaz bi aldeetan, ibilgailu mota orori biratzen uzten diotenak.
Bidasoa auzoko bidegurutzetik ezin izanen da Behobia aldera atera
51,000 kilometroan, Bidasoa auzotik ateratzeko bidegurutzearen aldaketaren funtsa ezkerreko biraketak kentzea da. Horrela, errepidean zeharko gurutzaketa saihesten da. Horretarako, alboetako babesguneak itxi eta ibilgailuak soilik eskuinera biratzera behartuko dira. Beraz, Sunbillatik Behobia aldera ezin izanen da atera bidegurutze horretatik, ezta Iruña aldetik Sunbillara sartu ere. Horretarako, bertze bidegurutzea erabili beharko da. Horrela, galtzadako gurutzaketak saihestuko dira eta errepide horretako puntu horretan bide segurtasuna nabarmen hobetuko da.