N-121Ako Bera-Irun errepide zatia ekainaren 26an zabalduko dute

ttipi-ttapa 2009ko ekainaren 19a

Endarlatsako zubiari lehen karga-probak egin zizkioten ortzegunean. TTIPI TTAPA

Igantzi-Bera zatia gibeleratua dago eta uda bukaerarako egina egonen dela dio Gobernuak

Bi urtez obratan aritu ondotik, N-121A errepidearen Beratik Irunerako zatia heldu den ortziralean, ekainak 26, inauguratuko dute, eta beraz, egun horretatik aitzinera zabalik egonen da. Endarlatsatik Irunerako zati berriak 6,6 kilometro edukiko ditu eta bertze 2,5 kilometro Endarlatsatik Berara artekoak. Mariezkurrena enpresak egin ditu lanak. Zati gehienean, 4,4 kilometrotan, hiru errail izanen ditu bide berriak, horietatik bat aurreratzeko. Tuneletan, berriz, bi erreil izanen ditu. Puntxas eta Behobia inguruan lau erreil izanen ditu, norantza bakoitzarentzat bi. Aipatu, bertzalde, errepide berriarekin paralelo bidegorria eginen dela.

Endarlatsako zubiari karga-probak

Ortzegunean, ekainaren 18an, Endarlatsako zubi berriaren karga-probak egin zituzten. Mariezkurrenako hogei bat kamioi paratu zituzten zubi gainean, 700 Tona guzira eta Javier Manterola arkitektuaren zubiak arazorik gabe gainditu zuen bere lehen erresistentzia-proba. Ortziraean ere bertze proba batzuk eginen dira.

Bertze zatia gibeleratua

N-121Ako gainerako lanak, ordea, gibeleratuak doaz, Igantzi-Etxalar eta Etxalar-Bera zatikoak, alegia. Nafarroa­ko Gobernutik adierazi dutenez, uda bukaerarako akituak egonen dira, nahiz eta hasieran apirilerako eginak izanen zirela iragarri. Zati horretako obrak aldi baterako enpresa-elkarte (UTE) baten esku dago, baina tartean enpresa aldaketak izan dira eta horrek ere eragina izan du atzerapenean. Igantzi-Etxalar zati berriak 4,15 kilometro izanen ditu eta lau biadukturekin gurutzatuko du Bidasoa ibaia. Etxalar-Bera zatiak 3,72 kilometroko luzera izanen du eta bortz aldiz gurutzatuko du Bidasoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun