Nafarroan ostatu hartzen duten turistek sarrerak doan eta deskontuak izanen dituzte eskualdeko turismo enpresetan

TTIPI TTAPA 2009ko ekainaren 18a

Gobernuak bultzatzen duen "Maneras de vivir" kanpainaren barnean

Turismo sektorea indartzeko Nafarroako Gobernuak abiatutako “Maneras de Vivir, Navarra te recibe gratis” kanpainarekin bat egin dute eskualdeko turismo entitate aunitzek. Guztira, eskualdean 76 landa-etxe, hostal, apartamentu, aterpe eta hotel sartu dira eskaintza honetan eta alojamendu horiek bisitarien artean, promozioan sartuta dauden baliabide turistikoetarako doako sarrerak eta deskontuak banatuko dituzte. 2009. urte bukaera arte egonen da indarrean neurria.

Turismo enpresetan sarrerak doan edo deskontuak

Proiektuarekin bat egiten duten alojamenduek, bisitarien artean, promozioan sartuak dauden baliabide turistikoetarako 4 doako bisita eta pilatu ezin diren 6 euroko bi deskontuetarako balioa izanen duten promozio txartel batzuk banatuko dituzte. Hain zuzen, bisitak doan eta deskontuak eskainiko dituzten enpresa hauek dira: Amaiurko errota, Zubietako errota, Donamariako Jauregia dorretxea, Urdazubiko leizeak, Narbarteko Bidasoa Kultur zerbitzuak, Oronoz-Mugairiko Leurtza abentura., Zugarramurdiko Sorginen leizeak eta museoa, Bertizko Jaurerria Natur Parkea, Oieregiko Basoan zerbitzu turistikoak, Lesakako Burdinaren zentrua, Lesakako 4x4 Bortziriak, Beintza- Labaiengo Gesrural Gestion turística eta Arizkungo Santxotena parke museoa. Gobernuak Nafarroa osoan 1,25 milioi euro inbertituko ditu kanpaina honetan.

Turismo sektoreko krisiaren kontrako neurria

Partehartzeak ez du inolako gasturik suposatzen alojamenduarentzat. Hori bai, ostatu hartzen duen jendearen artean bonoak modu egokian entregatzeko konpromisoa hartu beharko du, bi gauengatik bono bat eta gehienez 3 bono pertsona bakoitzeko. Turismo sektoreari zuzendutako krisiaren kontrako neurri bat da eta Nafarroako Gobernuan finantzatzen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun