Sorginaren Eguna ospatuko dute bigarren urtez Zugarramurdin larunbatean

Aitor AROTZENA 2009ko ekainaren 18a

Joan den urtean arrakastatsua suertatu zen Sorginaren Eguna. TTIPI TTAPA

11:00etatik aitzinera Erdi Aroko azoka, hitzaldiak, ikuskizunak, antzerkiak... izanen dira

Ekainaren 20an, larunbat honetan ospatuko da Sorginaren Egunaren bigarren edizioa. Egun osoko ekitaldiak antolatu dituzte. Hauxe izanen da egitaraua: Egun guzian herriko karriketan Erdi Aroko azoka eta sorginen postuak. Salmenta eta kontsultarako postuak egonen dira.
11:00etan karrikako ikuskizuna,Tusuri taldearekin.
12:00etan Sylvie Imberdisen hitzaldia frantsesez.
Eguerdian antzerkia plazan.
16:00etan Jose Antonio Azpiazuren hitzaldia euskaraz.
17:00etan ipuin kontalaria.
18:00etan Itziar Salegiren hitzaldia gazteleraz.
19:30ean Sant Feliu de Serrako (Katalunia) sorgin dantza.
20:00etan itxierako ikuskizuna.
20:30ean eskertza errituala leizean, Sua eta urari eskertzeko errituala.
21:30ean Akelarre antzerkia leizean.

Astrologia, sorginkeria, euskara…

Hitzaldietan landuko diren gaiak hauek izanen dira: astrologia eta sorginkeriaz ariko dira frantsesez eskainiko den hitzaldian; XVI-XVII. mendeetako emakumeez euskaraz; eta atzo, gaur eta biharko sendabelarrak. Naturopatia magikatik, naturopatia zientifikora gazteleraz. Bertzalde, aipatzekoa da, egun horretan leizerako sarrera merkeagoa izanen dela.

Graxiana, Sorginen Aterpea

Sorginaren Egunarekin bat eginez, egun horretan Zugarramurdin aterpe berria irekiko da. Graxiana, Sorginen Aterpea du izena eta berri-berria den eraikina da. Hainbat zerbitzu eskainiko ditu eta bi, lau, sei, zortzi eta 10 ohatzeko logelak izanen dira. Denetara 76 lagunentzako tokia izanen du. Eraikuntzak WIFI zerbitzua ere jarria du. Gainera, ostatu eta jatetxea izanen da, eta haurrendako parke bat ere izanen du. Aipatzekoa da kanpoko aldean sendabelarren baratzea izanen duela, baita animalia txikien eremu bat ere, ahate, oilo eta lapinekin. Horretaz gain, tailer eta aktibitateak eskainiko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun