Albaceteko Sari Nagusian ongi ibili zen Javier Mariezkurrena Doneztebeko kamioi gidaria

ttipi-ttapa 2009ko ekainaren 17a

Mariezkurrenal Espainiako txapelketarako bi hirugarren postu eta bigarren postu bat lortu zituen Albaceten. TTIPI TTAPA

Ederki tailerreko eskuderiako kideekin batera Nogaron izanen da aste hondar honetan, Frantziako Sari Nagusian

Javier Mariezkurrena Doneztebeko kamioi gidariak eta Ederki tailerreko eskuderiak parte hartu zuten ekainaren 6 eta 7an Albaceten egindako kamioiendako seigarren Sari Nagusian.

Larunbateko lehen karrera ezin akitu

Lehenbiziko karreran, Mariezkurrenaren MANa 27 kamioien artean hamekagarren postuan zenean, antipar barra hautsi eta transmisio matxura eragin zuen, baita gasoil depositoa zulatu ere. Ondorioz ezin izan zuten lehen proba hori burutu. Ederkiko mekanikoek berriz ere lan ederra egin zuten, ordubete beranduagoko karrerarako prest baitzegoen kamioia. Parrilako azken postutik atera bazen ere, lehenbiziko bi itzulitan kamioi aunitz aitzindu eta hamahirugarren postuan akitu zuen, hirugarren Espainiako txapelketarako puntuetan.

Igandean hobe

Igandean, sailkapeneko proban parrillako hamekagarren postua lortu zuen lehen karreran. Zenbait arazo izan zituen eta azkenean, hamahirugarren izan zen, hirugarren Espainiako txapelketarako. Berriz ere lana gogotik egin eta bigarren karreran hamabigarren postua lortu zuten, bigarren Espainiako txapelketarako. Meritu handiko postua, aurten maila handia baitago. Horren erakusgarri, Mariezkurrenak berak iaz baino 1,6 segundu azkarrago egin duela Albaceteko zirkuituko itzulia. Joan den urtean, sailkapen buruak baino 5 segundu motelago zebilen Doneztebeko gidaria eta aurten hiru segundura, baina halere, iaz baino zailagoa dute hamar lehenbizikoen artean sartzea Europako txapelketarako.

Asteburuan Nogaron

Albacetekoa denboraldiko hirugarren karrera zen Mariezkurrena eta Ederki taldearentzat. Lehenbizikoan, Assenen, postu hobeak lortu zituzten eta Europako txapelketarako hiru puntu eskuratu zituzten. Missanon, Italian egindako lasterketan ez zuten parte hartu eta Albacetekoaren ondotik, asteburu honetan Nogaron izanen dira, Frantziako Sari Nagusian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun