Baztan-Bidasoako gasbidearen %80a egina dagoela jakinarazi du Roig kontseilariak

ttipi-ttapa 2009ko ekainaren 16a

Eskualdeko alkate eta zinegotziak, Roig kontseilariarekin, bilera akautu ondotik. TTIPI TTAPA

Inguruko alkateekin bildu zen astelehen arratsaldean Bertizen

Baztan-Bidasoako gasbideak izanen dituen 33 kilometro terditik 28 eginak daude. Beraz, lanen %80a gauzatua dagoela jakinarazi zuen astelehen arratsaldean Bertizko jauregian Jose Maria Roig, Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Lan kontseilariak, inguruko alkateekin izandako bileran. Bileran inguruko egoera ekonomikoaz aritu ziren eta eskualdean hornidura eta garapen arloan departamentu horretatik aurrikusiak dauden azpiegiturak azaldu zituen kontseilariak.

Gasbidean 8,7 milioi euroko inbertsioa

Gasbidean eginen den inbertsioa 8,7 milioi eurokoa da eta horietatik 3,4 milioi Nafarroako Gobernuak paratuko ditu. Gasbideak Lesaka eta Elizondo elkartuko ditu eta banaketa sarea izanen du Sunbilla, Doneztebe, Narbarte, Legasa, Oieregi, Oronoz-Mugairi, Arraioz, Irurita eta Elbeten. 6.200 bizilagun hornituko ditu denera. Lanen akabaila N-121A errepideko lanen garapenarekin lotua dagoela aipatu zuen kontseilariak.

Doneztebeko azpiestazio elektrikoa

Bileran Doneztebeko azpiestazio elektrikoa proiektuaren berri ere eman zen. Lesaka eta Doneztebe arteko argindar linea berria egin da dagoeneko eta Doneztebeko azpiestazioarekin, Iberdrolak eskualdeari eskaintzen dion argindar zerbitzua uztailerako hobetuko da.

Langabezia

Langabeziaz ere aritu ziren eta inguruan gai honen inguruan kezka handia bada ere, Gobernuko ordezkariak aipatu zuenez, Baztan-Bidasoan langabeziaren eragina Nafarroa osokoa baino ttikiagoa da. Honela, 2009 urtean Nafarroan langabezia 36.375 lagunetik 37.832 lagunera igo den bitartean, Doneztebeko bulegoan pixko bat jautsi egin da, 975 lagunetik 968ra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun