Maiorga Ramirez, Eusko Alkartasunako presidentea eta Aitor Etxarri, Instituzio Harremanetarako idazkariak mendialdeko EAko udal ordezkariekin bilduta, zenbait zonaldetan Correosek etxez etxeko banaketa kentzeko asmoarekin kezkatuta somatu ditu. Horregatik, Nafarroako Parlamentuan NABAIko ordezkariak ere diren neurrian, aste honetan mozioa aurkeztuko dute parlamenuan, Nafarroako Gobernuak Espainiakoarekin beharrezkoak diren gestioak egin ditzan, gaur egun etxez etxeko banaketa egiten den Nafarroako eremuetan hori mantendu dezan.
Uztailaren 1ean hasteko asmoa du Correos-ek
Jakina denez, uztailaren 1etik aitzinera, baserri auzoetako postontziak leku bakarrean biltzeko asmoa du Correos-ek, 2007ko araudi berri bati segituz. Lehendik ere, 2001ean, honelako saiakeraren bat egi zuten, baina orduan ere Herriko Etxeak mugitu eta egitasmoa geldiarazai zuten. EAren ustez, etxez etxeko banaketa kentzea “nafar batzuen bizi-kalitatearen, ongizatearen eta pribazitatearen aurka doa”.
«Ilegala, diskriminatzailea eta segurtasunaren kontrakoa»
EAren idatziaren arabera, “zerbitzu hori kentzea ilegala ere bada, bizilagun horiek bide ondoan bizi baitira. Bizilagun gutti izateak produktibitate ttikia izatea suposatzen dio Correos-i, baina hori ez dute bizilagunek sufritu behar”. Horretaz gain, diskriminazioa ere badela uste du Eak, “zerbitzu unibertsalak denentzat direlako, bizi diren lekuan bizi direla, etxebizitza horietako bizilagunek zergak ordaintzen dituzten eta bidearen ondoan dauden neurrian”. Azkenik, segurtasuna ere galduko litzatekeela uste du Eusko Alkartasunak, “posta pertsonala eta bortxaezina baita, eta hartzailearen kontroletik kanpo dauden postontzietan uzterakoan, printzipio horiek errespetatzen ez direlako”.