Doneztebe Futbol Taldeak Nafarroako Erregionaleko lehen mailako koparen finala jokatuko du heldu den aste hondarrean Castillo de Tiebasen kontra. Finalerdia ongi bideratua zuen Doneztebek, joaneko partidan 0-1 irabazi baitzion Nafarroako Unibertsitate Publikoko taldeari, baina halere, honelako partidetan ohikoa zenez, azkenera arte sufritu behar izan zuen.
Partida estua
Doneztebe hobea izan zen lehen zatian, futbolean ongi jokatuz aukera bikainak izan zituen. Horietako bat golean gauzatu zuen Jon Maritxalarrek. Baina bigarren zatia hasi bezain abudo berdinketaren gola sartu zuten unibertsitateko jokalariek eta horrek kontuak estutu zituen, bertze gol batekin, beraiek izanen baitziren finalean. Minutu batzuz bazirudien hurbil zegoela Iruñekoen gola, baina Doneztebek berriz ere baloia berreskuratu zuen eta 79. minutuan lasaitasunaren gola sartu zuen zelairatu berria zen Aitor Bertizek.
Bigarren urtean, lehenbiziko final handia
Garaipen handia Doneztebe Futbol Taldearentzat eta sortu zenetik bi urte bete direnean, bere lehenbiziko final handian izanen da heldu den aste hondarrean Castillo de Tiebasen kontra. Jaime Sein, Doneztebe futbol taldeko arduradunak aipatu digunez, Castillo de Tiebas talde ezaguna dute, multzo berean egokitu baitziren hasierako ligaxkan. Horrek erakusten du lehen fasean beraien multzoa izan zela indartsuena, kopako finalerdietako lau taldetatik hiru multzo horretakoak izateaz gain, bi finalistak hala direlako, baitaPreferentera igotzea lortu duen taldea ere.