Nafarroako Gobernuak, Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleei zuzendutako euskarazko literatur lehiaketetako sariak banatu zituen ekainaren 12an, ortziral goizean, Nafarroako Jauregian. Hain zuzen, Carlos Perez-Nievas hezkuntza kontseilariak, bertso-paper, olerkia, narratiba, “Jose Maria Satrustegi” etnografia, Deklamazio eta Irrati-gidoi eta podcast sariak banatu zituen eta hainbatetan eskualdeko ikasleak suertatu ziren sarituak.
Bertso-paper lehiaketa
Bertso-paper lehiaketan, Lehen Hezkuntzako bigarren zikloan, Leitzako Erleta ikastetxeko Joanes Illarregik eskuratu zuen lehen saria, Lesakako Tantirumairu ikastolako Paulo Ramosek bigarrena eta Elizondoko Baztan Ikastolako Elur Meokik hirugarrena.
Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloan ere lehen saria Leitzako Erleta ikastetxera joan zen, Martxel Intxaustik irabazi baitzuen. Bigarren saria, Doneztebeko San Miguel ikastetxeko Beatriz Maritorenak eskuratu zuen.
DBHko lehen zikloan, bigarren saria irabazi zuen Goizuetako Andres Narbarte “Xalto” ikastetxeko Ainhoa Zabaletak eta hirugarrena Berako Labiaga ikastolako Ibon Txoperenak.
DBHko bigarren zikloan, hirugarren saria eskuratu zuen Doneztebeko Mendaur institutuko Irati Arrietak.
Poesia
Literaturan, poesia lehiaketan, Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko lehen saria Lesakako Irain ikastetxeko Naiara Martinek eskuratu zuen eta bigarren saria, ikastetxe bereko Naia Mitxelenak.
Narratiba
Narratiban, Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloan, bigarren saria eskuratu zuen Berako Labiaga ikastolako Aritz Ibarrak eta akzesita Lesakako Irain eskolako Idoia Irazokik. DBHko lehen zikloan, lehen eta bigarren saria Labiaga ikastolako Patrizia Etxegarai eta Garazi Conderentzat izan zen eta akzesita ere Berako ikastolako Ainara Etxebidek eskuratu zuen. DBHko bigarren zikloan, lehen saria Leitzako Amazabal institutuko Edurne Zabaletarentzat izan zen.
Irakurmena eta deklamazioa
Lehen Hezkuntzako bigarren zikloko ikasleei zuzendutako irakurmena eta deklamazio lehiaketa, Leitzako Erleta Ikastetxeko 14 ikaslek osatzen zuten Sugar taldearentzat izan zen.