Laxoa txapelketako final laurdenak erabakiko dira gibeleratutako partidak jokatuta

TTIPI TTAPA 2009ko ekainaren 12a

A multzoan Irurita B izanen da sailkapen buru, baina B multzoan lehia estua espero da

Joan den asteburuan jokatu zen Baztan-Errekako XXX. Laxoa txapelketako hamargarren jardunaldia, lehenbiziko faseko azkena. A multzoan, Irurita Bk jokatutako bi partidak irabazi zituen, etxean 9-3 Oitz Bren kontra eta Donezteben, Doneztebe Bri 3-9. Sei puntu horien esker, lehen postuan sendotu da Irurita B, 20 punturekin. Bigarren postuan Doneztebe B dago 11 punturekin, Oitz Bk 10 ditu, Irurita Ck 6 eta Hondarribiak 4.

B multzoan kontuak estu

B multzoan, Arraioz Ak 9 eta 3 irabazi zion Arraioz Bri eta Doneztebe Ak ezustekoa eman eta 9 eta 8 irabazi zion Irurita Ari. Honela, B multzoan sailkapena estuago dago. Arraioz A da lehenbizikoa 15 punturekin, baina partida guziak jokatu ditu. Oitz A bigarrena da 14 punturekin, baina bi partida gelditzen zaizkio jokatzeko, hirugarren den eta 10 puntu dituen Irurita Ari bezalaxe. Doneztebe A eta Arraioz Bk ixten dute sailkapena.

Aste hondar honetan gibeleratutako partidak

Gauzak honela, asteburu honetan, lehen fase honetako bigarren itzulian gibeleratutako partidak jokatuko dira, final laurdenetako gurutzaketak erabakitzeko. A multzoan, Irurita C Irurita Bren kontra ariko da, larunbat goizeko 11:30ean eta multzoko bigarren posturako lehian, Oitz Bk Doneztebe B hartuko du igande arratsaldeko 17:00etan. B multzoan, Irurita A eta Oitz A izanen dira aurrez aurre, gibeleratuta gelditu diren bi partidetan. Larunbat arratsaldeko 17:00etan Baztanen ariko dira eta igande goizeko 11:30ean Malerrekan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun