Arkupeak elkarteak aurten 85 urte bete dituzten bazkideei eta Urrezko eta Diamantezko Ezteiak, 50 eta 60 urte ezkondurik, ospatu dituztenei omenaldia eskaini zien asteazkenean, ekainaren 10ean, Gorraizen. Lehenik Doneztebeko Iñaki Lerga, Aralarko San Migueleko Jesus Maria Sotil, Almandozko Ramon Apezetxea eta Inaxio Azkoaga apezek emandako meza aditu zuten eta segidan sariak eman ziren.
Beintza-Labaiengo Miguel Saldias eta Angela Erasunek Diamantezko Ezteiak
Urrezko Ezteiak bete dituzten 15 senar-emazte izan ziren Gorraizen, Amaiur, Arizkun, Bera, Doneztebe, Elizondo, Eratsun, Ezkurra, Goizueta, Irun, Leitza, Oronoz eta Sunbillatik joandakoak. Aparteko aipamena merezi izan zuten Beintza-Labaiengo Miguel Saldias Grajirena eta Angela Erasun Iriartek, hauek Diamantezko Ezteiak, 60 urte ezkondurik bete baitituzte. Osasun arazoak direla medio, Angelak ezin izan zuen Gorraizera joan eta Miguelek hartu zuen oroigarria.
85 urte bete dituzte hogeita hamasei bazkidek
Ondotik, aurten 85 urte bete dituzten 36 bazkideek hartu zuten saria, oroigarria, oparia eta “laugarren adinean” sartuak zeudela adierazten zuen karneta. Omenduak gustora egon ziren beraien senide eta lagunekin. Sari banaketaren ondotik bazkaria eta bazkalondoan dantza egitek aukera ere aprobetxatu zuten batzuk, Arkupeak elkartearen omenaldi-eguna behar bezala akitzeko.