• Hiru baino ez dira Euskal Herrian aizkoran aritzen diren emakumezkoak, eta horietako bat, beteranoena, Maika Ariztegi iturendarra da.
• Emakumezko aizkolari gutti daudelako, ez dago eurentzako txapelketarik, eta horren falta somatzen duela nabarmendu digu Ariztegik. Etorkizuna zaila ikusten duela ere adierazi digu, eta neska gehiago hasiko balira kontent geldituko litzatekeela ere bai.
• Aizkora du gustukoena, baina horrez gain, txokor biltzen, ingudearekin, txingetan eta lasterketa ere bikain moldatzen da.
Ez da kirola egitetik bizi, baina kirola egitea barren-barrenetik bizi du Maika Ariztegi iturendarrak. Ez da geldirik egoteko jaioa, ez horixe, eta kirol aunitzetan ibiltzen da: lasterka, txokor biltzen, ingudearekin, txingekin, aizkoran... Baserrian bortxazko lanak egitera jarria nagoenez, ez zait hain zaila egiten». Halere, guztietan maiteena, dudarik gabe, aizkora du. «Ikaragarri gustatzen zait», adierazi digu. Betidanik izan du kiroletarako afizioa eta lehenbizi lasterka hasi zen. 20 urterekin, berriz, Kristina Saralegirekin aizkora hartu zuen eskuan. «Zazpi-zortzi pasatu nituen Kristinarekin eta seme-alabak izateko utzi egin nuen. Gerora berriz ekin nion eta hor segitzen dut». Neguan krosetan lasterka eta udan aizkoran. Horrelaxe ibiltzen da. Beste Iruña Atletismo Taldeko kidea da eta dagoeneko hainbat txapel irabazitakoa da, tartean, Nafarroako 11. Txokor biltzen ere bikain moldatzen dela behin baino gehiagotan erakutsi du, Euskadiko zortzi txapel bereak baititu. Ingudearekin behin hartu du parte Nafarroako txapelketan, eta hartan garaile izan zen. Aizkoran, ordea, ez du txapelik. Ez saiatu ez delako, txapelketarik ez dagoelako baizik. Ez dago emakumeentzako txapelketarik eta hortaz, udan egiten dituzten erakuskaldiekin konformatu behar. Eta erakustaldiak, batez ere, Gipuzkoan eta Bizkaian. «Hemen inguruan eta Nafarroan baino ezagunagoak gara han». Behin eduki zuen txapelketa zer den probatzeko aukera: «Duela hamar bat urte, Itziar Goenaga, Kristina Saralegi eta hirurok txapelketa ofiziala jokatu genuen. Goenagak irabazi zuen». Baina geroztik batere ez. Txapelketak izatera «gustura» jokatuko lituzkeela aitortu digu, baina badaki zaila dela, «guttienez eskatzen duten kopurura ez gara ailegatzen. Garbi dago etorkizuna zaila dela. Berririk ez da agertzen eta gutako batek uzten badu, akabo». Entrenamendu aunitzik ez duela egiten ere kontatu digu. «Baserrian etxerako egurra egiten dut, baina hortik aparte ez dut entrenatzeko egurrik erosten». Lehiarako norbait izatera gehiago saiatuko litzatekeela ere erran digu, baina momentuz baserriko lanekin eta mendian egiten dituen korrika saioekin ederki moldatzen da. Ez dio beldurrik aizkorari, eta gustura dabil, segitzeko intentzioarekin, gainera. 36 urterekin sasoiko ikusten du bere burua eta eginahal ikaragarria eskatzen duen kirola den arren, argi du zergatik dabilen aizkoran: «gustatzen zaidalako, eta ez diruagatik». Emakumezkoentzako gonbitea ere luzatu du Ariztegik: «kontent geldituko nintzateke neska gehiago hasiko balira aizkoran». Laguntzeko prest ere egonen litzateke.
«Garbi dago emakumezko aizkolarien etorkizuna zaila dela. Berririk ez da agertzen eta gutako batek uzte badu, akabo»