Michèle Alliot Marie Frantziako barne ministroak eta Lapurdiko hautetsiak polemika haundia sortu du, eta aspaldiko partez ekologistak alde ditu. Abiada haundiko treinaren linea berriaren inguruko ikerketak eta bilkurak bertan behera uztea galdetu du berriki Alliot Mariek. Gan den otsailean jakin zela burdin bide berria egiteko bortz kilometrako zabalera duen iraganbide bat marraztu zen Baiona eta Hendaia artean, Senpere iparraldeko eremuetan barna. Senpereko auzapeza kexu agertu zen orduan nahiz eta uste baino eremu gutiago hunkituak zirela erran zuen. Proiektu horrek haserre gorria piztu zuen Lapurdi kostalde osoan. Orain, Europako bozen kanpainaren karietarat, Alliot Mariek jakinarazi du abiada haundiko treina gaur egungo lineatik pasako dela Lapurdiko hiri nagusitik Gipuzkoako mugaraino, eta ez dela burdin bide berririk eginen. Alain Rousset Akitaniako president sozialistak ez du batere begi onez ikusten Alliot Mariek erran duena. Rousset-k dio linea osoki ez bada egiten Gipuzkoaraino Europak ez duela dirulaguntzarik emanen Tours eta Bordele arteko treinbide berria egiteko. Haserrea Alliot Marieren familian berean ere hedatu da, Alain Juppé Bordeleko auzapeza eta Alain Lamassoure Iparraldeko eurodiputatu eskuindarrak ez direlakoz batere akort erabaki berriarekin eta egiteko moldeekin. Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban aitzinera doazi abiada haundiko treinaren lanak. Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernamendua kexu dira Alliot Marieren erranengatik. Azalpenak ematea eta bilkura egitea galdeginen diote Frantziako Gobernuari. Espainiak lotura zuzena eta lasterra nahi du Europarekin.