Tradizioari segituz, joan den maiatzaren 18an Migel Aingeruaren eta Jesus kapilauaren urteroko bisita jaso zuen Ezkurrak, kanpai eta suziri artean. Urteekin ohitura galduz joan bada ere, hainbat lagun bildu ziren eliz atarian aingeruaren irudiari ongietorria egiteko. Halere, biharamunean gurtzeko ekitaldian oso jende gutxi bildu zen. Garai batean, egun hori urteko garrantzitsuenetakoa izaten zen. Herritar gehienak Goizuetarekin muga egiten duen tokira joaten ziren Mikel aingeruaren irudiari ongi-etorria egitera eta ermitarako bidean lehenik eta ondotik elizarakoan laguntzeko. Hurrengo egunean prozesio jendetsua egin ohi zen eta ondotik, herri guztia Eratsunekin muga egiten duen tokiraino joaten zen.