Eta 2009ko Euskal Herriko Talo Txapelketa irabazi du... Maria Mitxelena Urrozek. Zorionak, Maria! Larunbatarekin, hilak 23, egin zuten IX. Talo Eguna, Errenterian. Egun horrekin batera, talo lehiaketa egiten dute. Eta talorik goxoena Mariak prestatu zuen. Aurreko egunetan ez zuen gogorik txapelketara joateko, ama eri baitzuten. Baina, behinik behin, bezperan esan zioten izena emana zeukala, eta joateko eta joateko. Goizean, autoa hartu eta han abiatu zen Endarlatsan barrena. Errenterira ailegatu, eta han ziren Euskal Herriko bazter askotatik talogilerik hoberenak joanak, baita munduko sukaldari hoberenetako bat ere epaile joana, Juan Mari Arzak. Harekin batean, Igor Zalakain eta Aritz Erzibengoa. Dena prest zuten taloak egiteko; kondizio berak zituzten denek; osagai berak, irin bera eta su bera. Opila egin, opila jo, erre eta taloa aurkeztu. Ondotik, epaileek hoxka bat egin, gero bestea; elkarri zerbait ere esan belarrira, eta epaia idatzia gelditu zen. Hura poza Mariak bere izena aditu zuenean. Lehendabiziko gauza, etxera deitu: «Ama?», «zer da?», eta «txapela irabazi dut!».