Giro ederrean Erreka eguneko ospakizunak

TTIPI TTAPA 2009ko ekainaren 9a

TTIPI TTAPA

Maitzaren 29an Sanbak eskainitako Mont Blanceko igoeraren ikusentzunekoarekin hasi ziren Erreka elkartearen eguneko ekitaldiak. Ondotik, mus txapelketa jokatu zen eta 40 bikote aritu ziren. Jaba eta Juanjo atera ziren txapeldun eta Maite eta Edurne bigarren. Halere, egun handia larunbata izan zen. Goizean, eskubaloian ttikienen txanda izan zen eta eguerdian, judo eskolakoek euren erakustaldia eskaini zuten. Eta zer erran, Juan Telletxea aizkolari eta Errekako presidenteak emandako erakustaldiaz! Kanako enborra 26 minutuz moztu zuen, plaza bete zuen jendearen txalo zaparrada artean. Arratsaldean eskubaloi partidak izan ziren. Bestak Santa Luzia Plazan segi­da izan zuen, 160 lagun bildu baitziren afaltzera. Hemen ere sorpresak izan ziren. Hasteko, Xabi Bañaresek prestatutako ikus-entzunekoa, elkartea­ren historiari buruzkoa. Hori gutti balitz, orduan agertu ziren Gorka Bidegain eta Iñaki Gurrutxaga, bizikleta gainean Luchon eta Doneztebe arteko 360 kilome­troak egin ondotik. Hauek ere txalo zaparrada ederra jaso zuten. Uztailean Elbrusera joanen diren Tomas Sanz eta Sanbak, bertzetik, Erreka­ren ikurra jaso zuten, Europako gailurrean jar dezaten. Azkenik, Pablo Elizondo Errekako kideari eta urtebetean 35.000 bisita baino gehiago izan dituen elkarteko blog arrakastatsuaren egileari ere omenalditxo bat eskaini zitzaion.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun