Ustekabe handiegirik gabe abiatu zen larunbatean Burlatan, Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatutako Iparraldeko Joku Torneoa. Beharbada, sorpresatxoa Joakin Aioroa iturendarrak eman zuen ingude altxatzen. Iaz azpitxapeldun izan zen, baina Burlatan Xabi Sein igantziarrak baino jasoaldi bat gehiago eman zion ingudari (66 iturendarrak eta 65 iazko txapeldunak). Carlos Sein igantziarrak 62 jasoaldi egin zituen eta Ander Mitxelena beratarrak 58.
Koxkor biltzen Etxegarai
Koxkor biltzen, Fernando Etxegarai beratarrak ez zuen ezusteentzako tarterik utzi eta 6 minutu eta 4 segunduan nagusitu zen. Patxi Irazoki igantziarrak 12 segundu gehiago behar izan zituen. Andoni Lasaga etxalartarra hirugarren izan zen (6’29”) eta Berriozarko hiru kirolari sailkatu ziren ondotik.
Harri jasotzen Unai Bertiz
Harri jasotzen, Unai Bertiz sunbildarrak 4.087 kilo terdi altxatu zituen, zilindroari 15 altxaldi, kubikoari 9 eta bolari 12 emanez. Josetxo Urrutia leitzarrak 3.725 kilo altxatu zituen (zilindroari 13 altxaldi, kubikoari 8 eta bolari 12) eta Xabier Igoak 3.537 kilo terdi altxatu zituen.
Lasto altxatzen Unai Bereau
Lasto altxatzen berdintasun handia izan zen lau igantziarren artean. Halere, iazko txapelduna, Iñaki Bereau nagusitu zen, 11 altxaldi emanez eta hamabigarrenerako sgundu bat eta 4 zentesima erabiliz. Xabi Seinek eere 11 altxaldi egin zituen, baina 2 segundu eta 88 zentesima behar izan zituen hamabigarrenerako. Oskar Telletxeak eta Carlos Seinek hamarna altxaldi egin zituzten.
Zaku lasterketan, Berriozarko bi hirukote lehiatu ziren eta segundu eskaseko aldea izan zen bien artean.
Txinga eramaten, Miguel Angel Sukuntza
Txinga eramaten, Leitzako Miguel Angel Sukuntzak bere nagusitasuna erakutsi zuen eta 21 plaza terdi eta 6,30 metro egin zituen 40 kiloko txingak esku banatan zituela, 608,30 metro denera. Berriozarko Imanol Martin izan zen bigarren, 10 plazarekin eta Josetxo Urrutia leitzarra hirugarren, 5 plaza pasaxeekin.