Lastaolako asfalto labeak baimenik ez duela salatu du Aralarrek

TTIPI TTAPA 2009ko ekainaren 9a

Aralarrek salatu du N-121A errepideko lanak egiteko Irungo Lastaolan ezarritako asfalto labeak ez duela ez jarduera ez ingurumen baimenik ere. Excavaciones Orsa SL enpresak ez du Irungo Udalean inolako baimenik tramitatu asfalto labea Lastaola baserriaren ondoan jartzeko, eta ez honek, ez Gipuzkoako Foru Aldundiak, ez Eusko Jaurlaritzak ez dute inolako trabarik jarri. Asfalto fabrika baimenik gabe ari da lanean, Aralarren erranetan: “Larria iruditzen zaigu egoera, lau administraziok beste aldera begiratu dutelako: Irungo Udalak, bere lur eremuan dagoelako; Gipuzkoako Foru Aldundiak, errepideko lanen sustatzaile denak; Eusko Jaurlaritzak, Ingurumen aldetik inolako azterketarik ez duelako; eta Espainiako Ministerioak, ez uren, ez kostatako baimenik ez duelako”.

Alkaiagatik kendu eta bi egunen buruan Lastaolan

Asfalto labe hau Alkaiagan ezarri zuen Excavaciones Orsak; Lesakako lur eremuan. Lesakako Udalak baimena behar bezala eman ez zuela eta, makina bat alegazio aurkeztu zituzten Alkaiaga eta Berako hainbat bizilagunek, Berako Udalak berak, zein Aralarrek. Labea Alkaiagatik kendu zuten, bere baimena tramitatzeko zituzten zailtasunak ikusirik, eta bi egunen buruan instalatu zuten Irunen. Hilabete eta erdi baino gehiago da labe horren gaineko informazioa eskatu duela Aralarrek Irungo Udalean, eta gaur-gaurkoz ez dugu inolako informazio ofizialik jaso.

Asfalto labearen jarduera etetea

Egoera honetan, Aralarrek asfalto labearen jarduera eten eta beharrezko baimenak tramitatzea eskatzen die instituzio guztiei. Era berean, Eneko Goia, Gipuzkoako Herrilan Diputatuaren agerraldia eskatu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun