Ez zen ezusterik izan, eta Floren Nazabalek eraman zuen Urrezko Aizkorako txapela larunbat gauean Azpeitiako Izarraitz pilotalekuan Arrospideren kontra jokatutako finalean. Lehen lanetan nor baino nor aritu ziren biak, eta azkeneko lanera 7 segunduko abantailarekin ailegatu zen Leaburukoa. Baina gipuzkoarrak aitzinetik errana zuen minutu erdiko abantaila beharko zuela azken lanean, bertzela zaila izanen zuela, eta horrela izan zen, azken lanean Nazabalek bi minutu pasako aldea kendu baitzion Arrospideri, bide batez txapela segurtatuz. Iraupen proban 14.40ko denbora egin zuen Nazabalek eta 16.50ekoa Arrospidek. Lan guztiak burutzeko, 22 minutu eta 25 segundo behar izan zituen Nazabal txapeldunak, eta 24 minutu eta 28 segundo, berriz, Arrospidek.
Erasun garaile gazteen artean
19 urtez azpiko finala ere jokatu zen, eta hor ere faboritoak ez zuen hutsik egin, Ander Erasun aurtiztarrak irabazi baitzuen. 18.05 izan zen bere denbora, eta 19.36, berriz, Ruben Saralegi leitzarrarena. Erasunek 23 urtez azpiko finala ere jokatu beharko du orain Atutxaren kontra.