Etxalarko hamazazpigarren gasna eta artisauen feria arrakastatsua izan zen igandean. Gasna lehiaketara hamabortz gasna aurkeztu ziren, horietatik bortz Etxalarkoak. Horien artean, 120 euroko lehen saria Berara joan zen, Garmendiko Bordako Sokorro Almandozentzat; bigarren saria, 90 euro, Urdazubiko Etxelekua gasnategiak eskuratu zuen eta hirugarrena, 75 euro, Orabideako Salaberriko Pello Pellegik jaso zuen. Etxalarko gasna onenek ere saria jaso zuten: 50 euro Basateko Isidro Ariztegirentat eta 30 euro Intzeko Bordako Josetxo Ariztegirentzat. Hauetaz gain, Olako, Bekozubi eta Irungo gasnak aurkeztu zituzten herritarrek eta kanpotik, Urrotz, Igantzi, Arantza, Arizkun eta Oitzetik ere ekarri zituzten gasnak.
Gasna erdia epaimahaikideentzat, bertze erdia zozketan
15 gasna horien erdiak epaimahaikoek erabili zituzten bere erabakia emateko. Patxiku Irisarri alkatearekin batera, Manolo Arozena bertsolaria, Txomin Arranbide Urepeleko artzaina eta Ines Arana eta Carmen Casi, Nafarroako Unibertsitate Publikoko adituak aritu ziren lan horretan. Bitartean, bertze hamabortz erdiak eskuratzeko txartelak salgai paratu zituzten.
Hainbat eskulangile
Baina gasnaz gain, izan zen zer ikusi eta zer erosi Etxalarren. Etxalarko trikitilariek musika jartzen zuten bitartean, Altxatako txoznan taloak saltzen zituzten, txistorra, txokolatea edo gasnarekin lagundua. Uxanekoek, beraien produktuak saltzeaz gain, beraiek eskuz egindako bi alfonbren zozketarako txartelak saltzen zituzten. Beraiekin batera, Aitor Ventureiraren euskal jantziak, Bittor Jauregi amaiutarrak Euskal Zerriaren produktuak, Bakaikuko Carmelo Bonetaren egur taila, Pedro Zapata arizkundarren forja lanak, Zizurko Joseba Gurrutxagaren kilikiak, Elbeteko Nagore Intxaustiren bitxiak, Santiago Mitxeltorena etxalartarraren eztia, Azkoitiako Alberto Gonzalezen pilotak, Berako Arantxa Zubietaren ukenduak, edo Bizkaitaik, Berriatuatik Lurdes Malasetxeberriak ekarritako postreak dastatzeko, ikusteko eta erosteko aukera ematen zuten eskulangileek. Nafarroa Oinezeko produktuak ere salgai zeuden plazan eta Kultur Etxean, erakusketa zabalik zegoen.
Aintzinako bizikleta eta motozikletak
Baina aurtengoan, berrikunta nagusia aintzinako bizikleta eta motoen erakusketa zen. Moto eta bizikletak zaharrak izanagatik, ederki zainduak zeuden eta Baiona medikuak etxez etxe ibiltzeko erabiltzen zuen 1965eko Bultacoa edo 1933an parisen egindako ABC ziklomotorea ere ikus zitezkeen, bertze zenbaiten artean. Erakusketa bitxia. Behin sariak banatu eta zozketak egin ondotik, herri bazkaria egin zen umore ederrean eta arratsaldean, Andre Mari dantza taldeko dantzari ttikienek euren saioa eskaini zuten plazan.